Txaranga taldeek girotuko dute, mitologiari loturiko biharko Inauteri Festa

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 17a, 00:00

Azken urteotako tradizioari eutsiz, Zumartxan eta Burrunbazale txaranga taldeek alaituko dute larunbat honetan ospatuko den Inauteri Festa. Eguna, Zumarte Musika Eskolakoekin hasiko dugu; 12:30etan euren egoitza paretik abiatu eta bazkal ordura arte kalejiran ibiliko dira, Zumartxan txarangako kideak. Arratsaldeko 18:00etan Burrunbazale txarangakoek hartuko diete lekukoa. Udaletxe paretik abiatuko da mozorroen desfilea. Hitzordu batera zein bestera, herritarrei gerturatzeko gonbita egiten zaie. 

Gaztelekuan ere, mozorro festa
Bihar arratsaldeko 16:00-18:00 artean, herriko 12-16 urte arteko gazteek hitzordua dute Gaztelekuan. "Ilargi-Eguzki" festa ospatuko dute egoitzan bertan. Gerora, kalejiran irtengo dira frontoira. Mozorrotuta noski, larunbat honetarako egin den proposamenarekin bat eginez; mitologiaz mozorrotuko dira guztiak.

Zumarterekin bi hitzordu
Aipatu moduan, larunbateko Inauteri Festari, Zumartekoek emango diote hasiera. Musika Eskolakoek bigarren hitzordu bat ere deitu dute ordea, astearterako, otsailaren 21erako. Abesbatza taldeek, Inauterietako emanaldi sorpresa eskainiko dute Sutegin, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. 

Mitologia, aurtengo gaia
Honez gero, gogorarazi beharrik ez da izango, baina larunbat honetako mozorro festarako hautatu den gaia, mitologia da. NOAUA! Kultur Elkarteak, Zumarte Musika Eskolak, Gaztelekuak eta herriko zenbait koadrilek antolatu dute aurtengo jaialdia. Hona hemen, egunotarako egitaraua:

Otsailak 18, larunbata
12:30 ZUMARTXAN txaranga Zumartetik abiatuta kalejiran.
16:00 Ilargi-Eguzki Inauteri festa Gaztelekuan.
18:00 Burrunbazale txarangaren kalejira.
Gauean, afaria Olarrondo jatetxean. Bertara, mozorrotuta joatea beharrezkoa izango da. Txartelak aldez aurretik salgai: Txiribogan, Irratin eta NOAUA!-ko egoitzan. Prezioa: 15 euro.

Otsailak 21, asteartea
18:00 Zumarte Musika Eskolako abesbatzen emanaldi sorpresa Sutegin.