Aurreko urteetan baino herritar gehiago goizetik mozorrotuta, lagun talde batzuk karroza eta guzti, afaria ere ohi baino jendetsuagoa... Parte hartzea da, joan den larunbatean ospatu zen Inauteri Festako adierazgarri nagusia. Lamiak, galtzagorriak edota Tartalo, baina baita mexikarrak, pailazoak, Barandiaran moto gainean ere... Aurtengoak inauteri koloretsuak izan dira, itxura guztietako mozorroen desfilea izan zen herenegun ospatu zen festa. Zumartxan taldekoak eguerdi partean eta Burrunbazale txarangakoak iluntzean, ederki girotu eta berotu zuten Kaxko ingurua. Eta jendea gustura, batzuk atzetik kalejiran edota besteak dantzan. Eguraldiak lagunduta, eguerditik goizaldera, herritarrek kalean igaro zuten eguna.