Zumarteko abesbatzen emanaldi sorpresa gaur, inauteriak borobiltzeko

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 21a, 00:00

Amaitzear diren inauteriotarako Zumarte Musika Eskolarekin bi hitzordu genituela iragartzen joan gara azken asteotan. Lehena, ondoko irudian agertzen den moduan, joan den larunbatean ospatu zen festarako; Zumartxan txarangakoek alaitu baitzuten Kaxkoa, hilaren 18ko bazkalaurreko orduetan. Bigarren deialdia, astearte honetarako egina zuten. Gaur arratsaldeko 18:00etatik aurrera, emanaldi berezia eskainiko dute Zumarteko abesbatzek. Inauteriei loturiko saio sorpresa izango da otsailaren 21 honetakoa. Sutegiko auditorioan izango da eta bertan, Zumarte-Txiki eta Zumarte abesbatzek parte hartuko dute.

Parte hartzea gorantz, aurtengo Inauteri Festan
NOAUA!-k, Zumarte Musika Eskolak eta Gaztelekuak joan den larunbaterako eginiko gonbitak nabarmentzeko moduko harrera izan zuen. Inauteriak kalean ospatzeko festa aproposak izan ohi direla argi geratu da aurten ere; jendea Kaxkoan zehar noiznahi ageri zen otsailaren 18an. Asko mitologiaren inguruan mozorrotuta, eta giro ederrean. 

Parte hartzeak gorantz egin du aurtengo Inauteri Festan. Nabaria zen eguerditik, eguraldiak lagunduta, aurreko urteetan baino mozorrotutako herritar gehiago zebilela kalean. Koadrila batzuk, karroza eta guzti gainera. Galtzagorriak, lamiak, sorginak, Basajaunak, Tartalo, pailazoak, mexikarrak, gerlariak… Herritarrak, aldez aurretik mimo handiz landuriko denetariko pertsonaien mozorroetan babestu ziren. Guztiak hori bai, giro ederrean murgildu ziren, hilaren 18rako antolatu ziren bi kalejiretan. Eguerdi partean, Zumarte Musika Eskolako ikasleez osaturiko Zumartxan txarangakoak izan ziren mozorro jaiari hasiera eman ziotenak. Afalaurreko orduak berriz, Burrunbazale txarangak alaitu zituen. 

Larunbatekoak bezalako festek oso argi uzten dutenez, koadrilen herria dugu Usurbil. Mozorroak ere hala prestatzen dituzte askok; taldeka, lagun artean. Eta hala islatu zen baita, iluntzerako antolatua zegoen afarian ere. Aurten gainera, aspaldi ikusi gabeko jendetza bildu du Inauteri Festako otorduak. 120tik gora lagun bildu ziren, Olarrondo jatetxean. Jan edanarekin batera, afaritara bertaratu zirenek kantuan aritu eta topa bat baino gehiago egin zuten. Parranda giroa, tabernetan goizaldera arte luzatu zen. 

Ikasleak, dantzan 
Inauteriak Usurbila Udarregi Ikastolako ikasleen eskutik heldu ohi dira. Baita aurten ere. Otsailaren 17an, Kaxkoa eta Kalezar ingurutik mozorrotuta desfilatu ostean, Oiardo Kiroldegian emanaldia eskaini zuten HH, LH eta DBHkoek. Maila askotako ikasleak, aurtengo Inauteri Festarako janzteko proposatu den gaiarekin bat egin zuten; mitologiako pertsonaiez mozorrotu baitziren. Aurtengo emanaldiak izan du bestelako berrikuntzarik ere; antolatzaileek aforoa mugatu baitute. Kiroldegiko ikuskizunaz gozatzeko gonbidapena beharrezkoa zen aurten. Gainerakoan, ikuskizunaren maila ederra aipatu behar, aldez aurretik Udarregi Ikastolan egin duten lanketaren seinale. 

Inauteriak iruditan
Amaitzear diren inauteriok Usurbilen eman dutena iruditan ikusteko aukera dago jada, web orrialde honetako "Argazkitegia" atalean. Egunotan, larunbateko Inauteri Festako, Udarregi Ikastolako ikasleen emanaldiko edota Gaztelekuko ospakizunen irudien galeriak bisitatzen joateko aukera izango da.