Norbanako konpostatze ikastaroa, otsailaren 28an

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 21a, 00:00

Usurbilgo Udalak norbanako konpostatze ikastaroa antolatu du, otsailaren 28rako. Saioa, iluntzeko 19:00etatik aurrera burutuko da Artzabalen. Ekimenean parte hartzera deitzen diete Udaletik, “konpostatzen duten eta dudak dituzten herritarrei, baita konpostatzea egiteko aukera duten (lur-zatia duten) interesatuei” ere.


Konpostatzea taldean egiteko aukera
Zati organikoa etxean autokonpostatu ezin dutenek, berau birziklatzeko badute bigarren aukera bat; duela hilabete batzuetatik Usurbilgo Udalak eta Usurbil Zero Zaborrek abian duten konpostaje komunitarioaren egitasmoan parte har dezakete. Helburua, autokonpostajea burutu ezin den eremuetan ere zati organikoa ongarrian bihurtzea litzateke. 

Konpostatze komunitarioa egiteko bizilagun taldea osatu behar da, eta taldea osatutakoan, Udalak eurei herriko gune bat proposatuko die, konpostajea egin dezaten. Gero Udalak egokituko du gunea; itxitura batekin, zoladura egokiarekin eta 150 litroko beharrezko konpostatzaileak ere jarriko ditu. Taldeak konpostatzeari buruzko ikastaro bat egin beharko du, eta arduradun bat izendatu. Gero, konpostatze komunitarioan lorturiko ongarria erabiltzaileek euren etxeetan baliatu ahal izango dute. Bestela, Usurbilgo Udaleko zerbitzuek hartuko lukete. Konpostatze komunitarioan parte hartzen duten herritarrek, %40ko hobaria jasoko dute. Interesa duten herritarrek Atez Ateko bulegoan edota udaletxean bertan ere izena eman dezakete. Ondoko irudian, Artzabalgo autokonpostatze komunitarioko esperientzia gunea. Usurbilgo lehena. Laster, halako gune gehiago irekiko dira.