Senior mutilen eskubaloi partida, gaur arratsaldean

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 21a, 00:00

Elurra tarteko, hilabete hasieran atzeratu zen partida jokatuko du astearte honetan, senior mutilen 2.nazional mailako eskubaloi taldeak. El Pilar Marianistasekin lehiatu beharko dute, iluntzeko 18:30etan Oiardo Kiroldegian hasiko den neurketan. Usurbil Kirol Elkartetik Kiroldegira gerturatzeko gonbita luzatzen diete herritarrei, neurketa erabakigarriak jokatzen ari baitira egunotan: “zaletuei eta orokorrean usurbildar guztiei harmailak betetzeko dei bat egin nahi genieke”. 


Granollers Cup prestatzen
Bestalde, nazioarte mailako Granollers Cup txapelketan parte hartzeko prestakizun lanetan murgildua dabil Usurbil Kirol Elkartea. Bilguneko zuzendaritza taldetik berri eman dutenez, Europa, Amerika, Afrika eta Asiako talde desberdinek parte hartu ohi duten Bartzelonako lehiara aurkezteko asmoa dute usurbildarrek. Euren esanetan, "gure asmoa, infantil, kadete eta jubenil mailako neska-mutilak eramatea litzateke". 

Bidaia prestatzen joateko bilera deitu dute igande honetarako, otsailaren 26rako, goizeko 10:00etan Sutegin. Hitzordua, "printzipioz talde hauetako jokalari, entrenatzaile eta jokalarien gurasoei zuzendua dago. Asko egongo da hitz egiteko: bidaiaren antolaketa, baldintzak, txapelketaren nondik norakoak, kostuak...". Guztien iritziak jaso nahi dituztenez, garrantzitsutzat jotzen dute sei egun barru deitua dagoen bilera. "Eskubaloiko edozein bazkide edo zaletu ere ongietorria izango da", gaineratu dute.