Denbora gutxi geratzen da jada, Irazu kalean kokagunea izango duen kultur etxe berria irekita ikusteko. Kultura Aholku Batzordetik berri eman dutenez, martxoaren 3an inauguratuko da, iluntzeko 19:00etan. Ekitaldi xume, herrikoi eta parte hartzailea izatea nahi dute antolatzaileek. Norberarentzat zer den kultur etxea, zer izatea nahi duen galderari erantzun nahi dio, datorren hileko lehen larunbaterako deitua dagoen hitzorduak. Ekimenaren lanketa eta prestaketa lanak Kultura Aholku Batzordeak bideratu ditu.
Herri eragileen lantegia
Eraikin berriak herri eragileen bilgune izan nahi du. Usurbilgo elkarte eta talde desberdinek bilerak egiteko egoitza hau baliatu ahal izango dute aurrerantzean. Baita ekimen desberdinak antolatu eta burutzeko ere. Ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak... Denetariko ekitaldiek lekua izango dute, Sutegi kultur etxeko eskaintza eta baliabideak osatzera datorren eraikin berrian. Herri eragileek gainera, euren materiala gordetzeko biltegia ere izango dute. Udaleko euskara eta kultura departamenduak eraikin berri honetara lekuz aldatuko dira. Bilera aretoak, ekimen desberdinak burutzeko gelak, topagunerako egongela, biltegia... eta nabarmentzeko moduko ganbara ere izango du. Guztia, Kaxkoan integratua, Dema plazari begira. Martxoaren 3an inauguratuta, handik gutxira erabilgarri izango dena.