Erleei nabarmentzeko moduko kaltea eragiten ari den asiar liztorra akabatzeko sei hlabetetan plan bat prestatzea eskatu dio Eusko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzari. EAJ-PNV, PP eta Aralar talde parlamentarioek atzoko Ingurugiro Batzordean aurkeztu zuten eskaera eta proposamenak, talde politiko guztien babesa jaso zuen.
Iturria: eitb.com
Erlezainen eskaera betetzeko bidean da
Eusko Legebiltzarrak onarturiko eskaera aspalditik egina zuten erlezainek. Joan den azaroa amaieran, ohi bezala Usurbilen ospatu zen Erle Egunaren bezperatan, antolakuntza lanetan murgildua zebilen Gipuzkoako Erlezain Elkarteko Julian Urkiolak NOAUA!ri adierazi zionez, "duela bi aste, Gasteizko Legebiltzarrean egon ginen hamar parlamentarirekin. Hiru planteamendu egin genizkien. Batetik, liztor espezie hau, espezie exotiko inbaditzaile izendatzea eskatu genien. Bigarrenik, liztor hauek ahalik eta gehien hil eta murrizteko, erakargarriren bat bilatzea. Orain arte erabili izan ditugunetara, liztorrez gain denetarik etortzen baitziren. Azkenik, halakorik aurkitzen ez den artean, erlezainen kalteak baloratu eta eurei laguntza bat ematea eskatzen genien".
Ordurako, Urkiolak liztor asiarren ehun kabitik gora suntsitu zituztela berri eman zion aldizkari honi eta ez zela bakarrik inguruotan zegoen arazoa. "Nafarroan, Katalunian, edota Portugalen, Frantzian eta Alemanian ere berdin baitaude. Hala jarraituta, bizpahiru urterako, Kantaurialde osoa harrapatuko du". Horrek eragin dezakeen kaltearekin. Bertako erleak jaten baititu liztor asiarrak. "Bizitzeko proteinak eta bitaminak behar dituzte. Proteinak edozein zomorroren bidez lortzen dituzte eta bitaminak loreetako elikagaietatik. Baina zertarako ibili behar du batetik bestera, erlea kanpotik behar duen guzti horrekin kargatuta eta nekatuta baldin badator? Erlea harrapatu besterik egin behar ez duenez, erlauntza aurrean, geldirik egoten da. Erlea etortzen denean, lau hankekin heldu eta aurreko pintzarekin lepoa mozten dio. Bertan jan edo kabira eramaten du umeek jan dezaten. Lan hori nik hitzez azaldu baino denbora gutxiagoan egiten du. Oso bizkorra da. Erleak jango balitu soilik, ez litzateke ezer pasako. Baina seitik gora liztor erlauntza baten inguruan baldin badabiltza, erleak ez du kanpora atera nahi izaten. Ondorioz, jatenik ez dator erleen etxera. Barruan jatenik ez eta goseak zer ekartzen du? Gaixotasunak, erleak hiltzea, eta erlauntza amaitzea", gogorarazten zuen erlezainak.
"Hau du bere etxea"
Liztor asiarra gure artera nola heldu zen ere argitzen zuen Urkiolak. "Jatorriz asiarra da eta dirudienez, Burdeoseko portura etorri zen. Oraindik ez dakite eta ez dute jakingo ezta, nola ailegatu den. Urak pasea da eta arrastorik uzten ez dutenez... Burdeosetik kostaldean gora eta behera joan da. Frantziatik duela bost urte esaten ziguten etorriko zitzaigula. Askotan esan izan ohi da, otsoa badatorrela eta kasurik ez diogu egiten, baina etortzen denean konturatzen gara. Iazko urrian zertifikatu zen, liztorra hemen dagoela. Hainbeste izango zenik ez nuen uste. Baina Gipuzkoan zabaldu da. 70 bat kilometro konkistatu edo har ditzakete urte betean. Badirudi lehorrera ez direla sartzen. Hezetasuna eta gune menditsuak dituzte gustuko. Beraz, inguru hau baino hoberik zein? Hau du bere etxea", ohartarazi zuen.