Nekazarientzat 200.000 euro eta beste 1,5 milioi euro udalentzat; guztira, 1,7 milioi euro bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, joan den azaroa hasieran, bereziki Donostialdea kolpatu zuten uholdeek eragindako kalteei aurre egitera. Aipaturiko 200.000 euroekin, baratzetan eta nekazal ekipamenduetako kalteak konpontzen lagundu nahi du Aldundiak. Udalei zuzenduriko beste diru partida, herri bide, eraikin publiko, azpiegitura, edota hirigintza alorreko ekipamenduetako kalteei aurre egiteko izango da. Laguntza hauek jasotzeko eskaerak egiteko epea, datorren asteazkenean, otsailaren 29an eta hilabeterako irekiko dutela berri eman dute hedabideek. Aldunditik neurri hauek martxan jartzeko atzerapena egon dela onartu arren, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuak hartu beharreko erabakien zain zeudelako izan dela gogorarazi dute.