Kultur etxe berriko izenaren inguruan ere eztabaida egon da azken hileotan. Baina gai honen inguruko erabaki bat hartua du Udalak. Gobernu taldetik berri eman dutenez, eraikinaren jatorrizko izena Arrillagaenea dela jakinik, gune berriak udalerriko beste hainbat eraikinei jartzen zaien plaka izango du izen horrekin. Aldiz, kultur etxeari, Potxoenea izena jarriko zaio.
Duela hilabete gai honi buruzko artikulua kaleratu zuen NOAUA!-k:
Kultur eraikin berriaren deituraren inguruan...
Kultur eraikin berriak izan behar duen izenaren inguruan eztabaida sortu da: Arrillagaenea edo Potxoenea. Zalantza horren bueltan interesgarri izango direlakoan, hainbat jakingarri eman dizkigute Josu Tellabidek eta Asier Agirresarobek, “Usurbilgo ondarea ezagutzen” (2009) liburuaren egileek.
“Kultur etxe berria hartuko duen eraikina, garai bateko Usurbilen beste asko bezala (Juandeuntzenea, Konportto, Karteruanea, Patrinea eta hainbat baserri...), Saroe jauregiko familiaren jabetza izan da. Udalak bere esku hartu duen arte, hutsik geratu aurretik, maizter familiak bizi izan dira bertan, beheko solairuko ukuiluan behi bat edo bi, eta astoa zutela; lurrik gabeko kale-baserri txiki bat baitzen. Garai batean, gainera, eraikin berean eta plazari begira, ukuiluarekin hormaz horma, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren sukurtsalaren bulegoa egon zen. Dokumentuetan garbi azaltzen den moduan eraikinak Arrillagaenea edo Arribillaga du jatorrizko izena.
Espainiako erregearen izenean Ameriketan eta Asia hego-ekialdean XVIII. mendearen lehen erdian bereak eta bi egin zituen Francisco Echeveste militarraren inguruan egin den azterketak, besteak beste, honakoa dio: “Usurbilgo Salbatoreeliza nagusirako 6.000 peso utzi zituen [Echevestek], osoki kanpandorre bat eraikitzeko erabili zirenak. 1759an esleitu zen obra, baina arazo handi batekin egin zuten topo. Elizatik Goiko plazara ematen zuen atearen parean egin nahi zen eta bertan Arrillagaenea etxea zegoen. Gora-behera batzuen ondoren hitzarmen bat sinatu zen eta etxea eraistearen truke bost urteko epean dorreak uzten zuen tokian edo plazan luzituko zuen beste oruberen batean etxe berri bat altxatuko zen”.
1766an amaitutako eraikin berri hori kultur etxe bilakatu nahi da orain. Luis Murugarren historialariak ere, bere Usurbilgo lanean dio Arrillagaenea etxea 1760an izan zela eraitsia, aurrekoarekin bat etorriz. Beraz, dokumentuetan jasoa dagoen izena badugu eta jatorrizko kokapena ez zela oraingoa ere bai, baizik eta kanpandorreak hartzen duen lekuan, edo hor nonbait. Dena dela, aurrekoak baina mende erdi zaharragoa den ondorengo dokumentuaren arabera jatorrizko eraikina izendatzerakoan beste izen hau ageri da: Urdintxo. Ignazio de Soroa kapitainaren 1689ko ondasun zerrendan honela esaten da: “...La cassa de Urdincho sitta en la misma villa a espaldas de la parroquial deella...”.
Badirudi beraz, etxe hura Arrillagaenea baino lehen Urdintxo izenarekin zela ezaguna. Potxoenea edo Pottoenea ezizenari dagokionez, guztiz lotuta dago eraikin honekin, baita aurrekoarekin ere, eta ez da azken mendeko kontua, aspalditik datorrena baizik. Usurbilen jasotako esaera zahar batek honela dio: “agiñatarrek bost zaku inbidi galdu zituzten Pottoneko bueltan!”. Nola izan zen hura? Bada, Kalezar Hiribilduko buru izendatu zutenetik datoz kalezartar eta aginatarren arteko liskarrak, mendez mende iraun duen lehia. Hala, ohiko lekuan, “Parisko aixtegian”, herri batzarra egin zen batean, botazioa egin eta zazpi zaku “inbidia”banatu ziren, bost aginatarrentzat, bi Kaleberrin geratu ziren eta Kalezar batere gabe gelditu zen. Etxeratzekoan, baina, aginagatarrek bost zakuak galdu egin omen zituzten, non eta Potxoeneko bueltan. Ondorioz, botere lehia horretan Kaleberri atera zen irabazle, “inbidia”zaku guztien jabe eta udalerriko buru, gaur arte.
Esanahiari dagokionez, pots edo potx asto txikiari deitzen zaio. R.M. de Azkuek bere hiru hizkuntzetako hiztegi bikainean (1905), Euskal Herriko beste lurraldeetako adiera ezberdinez gain, honela dio: “pots, potx; (B, G) voz que se llama al burro pequeño”. Hainbat istorio eta esaera politekin ere lotuta dago etxe hau:“enero, pebrero, martzo, abril Pottoneko astoa goseak hil!”. Usurbilen jasotako beste atsotitz honek ere ederki agertzen du zorioneko hitz horren esanahia. “Arre potto, gizon potto, nere pottokua, beti okerretikan nere astotxua”. Honela esaten zitzaion bidean zamatua sorora, merkatura edo errotara zihoan astoari, eta Arrillagaeneako potx edo “potto”txikia ere, hala joango zen. “Potxo ez da mespretxuzkoa”.
Beraz, ondorioztatu daiteke potxo edo potto izena ez dela mespretxuzkoa, eta gaztelerazko “Pocho,-a” hitzarekin ez duela zerikusirik: Descolorido, quebrado de color; frutari buruz, que está podrida o empieza a pudrirse; edo pertsona bati buruz, floja de carnes o que no disfruta de buena salud. Arrillaga deitura Usurbilen oso arrunta denez (izen hori duten etxe eta abizen ugari dago, lehen eta gaur egun ere), litekeena da horietatik bereizteko Pottoenea erabiltzen hasi izana, gaurdaino; izan ere, egun erabat errotuta eta zabalduta dagoen izena da”.