Bilduk ezagutzera eman duenez, atez ateko bilketa 250.000 biztanle biltzen dituzten Gipuzkoako beste 34 udalerrietara hedatuko da 2013an. Datorren urterako beraz, guztira, herrialdeko 38 udalerrik (ia 300.000 biztanleek) abian izango dute aipatu gaikako bilketa sistema; atez atekoa.
Euskal Herri mailan mota honetako estreinako esperientziak urteurrena betetzear duela ezagutu da albistea. Hain zuzen, martxoaren 16an, atez ateko bilketa Usurbilen martxan jarri zela hiru urte beteko baitira. Gerora, 2010eko maiatzean Hernanin eta Oiartzunen ere hondakinak atez ate biltzen hasi ziren. Iazko martxoan, Antzuola izan zen zerrenda honetara gehitu zen laugarren udalerria. Orain, aipatu moduan, Gipuzkoako beste 34 udalerritan ere atez ateko bilketa martxan jartzeko asmoa dute.
Bilduk udalerri eta Mankomunitateotan dituzten ordezkariek atzo eman zuten ezagutzera berria, Donostiako Miramar jauregian eskaini zuten prentsaurrekoan. Atez ateko bilketa martxan jarri edo ez erabakitzeko, gai honen inguruko proposamena aipatu udaletxe hauetako osoko bilkuretara eramango du Bilduk. Udalbatzek onartuko balute, 2013ko urte hasierarako atez ateko esperientzi berriok martxan izango dira. Bide horretan, lehenengo urratsa emango duen udalerria, Legorreta izango da. Ekainera bitarte, gauza bera egingo dute aipatu gainerako 33 udalerriek.
Bilduko ordezkariek atzo adierazi zutenez, helburu nagusi batekin gauzatu nahi dituzte egitasmook: "Gipuzkoa zero zabor lurraldea bihurtzeko bidean urratsak egitea". Erronka berri honi aurre egiteko jarrera irmoa erakutsi dute Bilduko udal ordezkariek. "Zalantzarik gabe esan dezakegu konponbidea gure esku dagoela, ziur gaude guk sortutako arazoa guk konponduko dugula, herritarrengan sinesten dugulako, pertsonengan. Gure herrietan, denon artean, hondakinen tratamendurako hierarkia errespetatuko dugu eta hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko urratsak egingo ditugu", adierazi zuten atzoko prentsaurrekoan. Atez ateko bilketarekin batera, konpostatze kanpainak ere abiatzeko asmoa dute.
Zerrenda
Hondakinen %90 birziklagarria izanik Gipuzkoan %25 inguru birziklatzen dela gogorarazita orain arteko ekimenak antzuak izan direla gogorarazten dute Bildutik eta "horri buelta emateko gure esku dauden neurri zehatzak hartuko ditugu". Aurrera begirako norabidea argi du Bilduk: "Gipuzkoa garbi eta osasuntsu bat egitera goaz, sukaldean ohitura aldaketa xume batekin herritarrok Gipuzkoa eraldatzera goaz". Hona hemen, atez ateko bilketa martxan jarri asmo duten udalerrien zerrenda:
-Alegia.
-Anoeta.
-Aretxabaleta.
-Arrasate.
-Asteasu.
-Astigarraga.
-Ataun.
-Azpeitia.
-Berastegi.
-Bergara.
-Deba.
-Eskoriatza.
-Getaria.
-Ibarra.
-Irura.
-Lazkao.
-Legazpi.
-Legorreta.
-Lezo.
-Mendaro.
-Mutriku.
-Oñati.
-Ordizia.
-Orio.
-Ormaiztegi.
-Pasaia.
-Segura.
-Tolosa.
-Villabona.
-Zaldibia.
-Zarautz.
-Zestoa.
-Zizurkil.
-Zumaia.