Euskararen familia transmisioari lotuta Buruntzaldeko udalek abian duten egitasmoaren baitan, kantu eta jolasen ikastaroa antolatu du Usurbilgo Udalak, Haur Hezkuntzako ikasleen gurasoentzat. Hiru saioz osatuko da, HH3, HH4 eta HH5eko haurren gurasoei zuzenduriko ekimena. Martxoaren 7an, 14an eta 21ean izango dira ikastaroko saioak, 14:45-16:15 artean Agerialden. Lehenengo bi hitzorduak gurasoei egongo dira zuzenduak; hirugarrena eta azkena aldiz, haur eta gurasoei. Urtxintxa aisialdi eskolak gidatuko du ekimena. Izen ematea zabalik egongo da martxoaren 1era arte. Interesdun gurasoek izen emate orri bat bete eta euren haurraren tutoreari eman beharko diote.
Jolastuz, hezi
Antolakuntzatik adierazi dutenez, “gizakiok geure-geurea dugu jolasa, jatea edo lo egitea ditugun bezalaxe. Haurra hazi eta hezi egiten da jolasaren bidez. Umea jolasean dabilenean, besteak beste, helduon mundura inguratzen da eta gizartean aurrera egiteko jokabideak eta estrategiak ikasten ditu. Umearentzako oso erakargarria da musikaz eta kantuz hornitzen dugun edozein ekintza edota jolas. Jolasean eta kantuan ari den bitartean, ohartu gabe ikasiko du umeak. Horregatik, helduok gehiagotan abestu beharko genuke umeekin. Baina, helduoi kosta egiten zaigu batzuetan gure seme-alabekin batera kantatzea edo jolasean aritzea. Saiatu nahi baduzu, oraintxe duzu aukera!!!”.