San Markoko bigarren eskuko azokarako, izen ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 23a, 00:00

Bigarren eskuko merkatuen, "Merka2sanmarcos" izeneko ekimenaren bosgarren edizioa antolatu du San Marko Mankomunitateak. Berrerabilera, hondakinen murrizketa eta prebentzioa bultzatzea helburu nagusi dituzten 10 azoka ospatuko dira datozen asteotan. Lehenengoak asteburu honetan; larunbatean Hernaniko Atsegindegi plazan, eta igandean, Urnietako Egape ikastolako jolastoki estalian. Pasaia, Astigarraga, Lezo, Lasarte-Oria, Oiartzun, Donostia eta Errenteriatik igaro ostean, Usurbilen burutuko da azken azoka. Apirilaren 1ean izango da, Dema plaza eta frontoi inguruan.

Ohi bezala, herritarrek zuzenean parte hartu ahal izango dute azoka hauetan; gai desberdinak trukatuz edo salduz. Interesdun orok postu bat jarri ahal izango du azokan. Horretarako ordea, aldez aurretik parte hartzeko orria bete eta antolatzaileei bidali beharko zaie. Parte hartzea doakoa da. Izena aldez aurretik eman beharko da, beranduenez jota azoka eguna baino astebete lehenago. Eskaera orria www.merka2sanmarcos.org web orrialdean eskura daiteke eta bertan bete. Bestela, deitu 943 670 249 telefono zenbakira. Usurbilgo bigarren eskuko azoka, apirilaren 1ean ospatuko da.