Otsailak 24 ditu gaur. Urteko bigarren hilabete honetako azken ostirala dugu, eta honenbestez, euskal preso politikoen eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea burutuko da. Ohi bezala, iluntzeko 20:00etatik aurrera Mikel Laboa plazan deitu da hitzordua. Usurbilgo Ezker Abertzaletik iragarri dutenez, "Herrira" ekimena aurkeztuko da gaur iluntzeko mobilizazioan.
Otsailaren 17ko NOAUA!-n Egin Dezagun Bidea ekimeneko kide Aitor Landaluzeren esanetan, "herrian presoen inguruan dagoen egonezinaren aurrean sortu zen Egin Dezagun Bidea taldea. Baina izaera nazionala duen arazoa denez, indarra ere maila horretan egin nahi da Herrira ekimenaren bitartez". Lau helburu nagusirekin jaio da Herrira. "Lehena, euskal preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak bertan behera uztea. Bigarrena, euskal presoen kolektiboa Euskal Herrian batzea. Hirugarrenik, iheslariei prozesu demokratikoan parte hartzeko aukerak irekitzea eta azkenik euskal preso eta iheslari guztiak etxeratzea", adierazi zuen Landaluzek.
Indar metaketa, erronka
Usurbilgo Ezker Abertzaleko usurbileginez.com web orrialdetik gaineratu dutenez, "Herrirak euskal Herrian hutsik dauden aulkiak betetzea du bere xedea. Helburu honekin bat egiten duten herritar guztiei espazio eraginkor bat eskainiko dute eremu ezberdinetatik eta konpromiso ezberdinekin, eginahal honetan ahalik eta indar gehien batzeko. Helburu honekiko aldekotasun jarrerak dituzten herritarrekin eta eremu guztiekin batera lan egingo dute, hauei entzunez, elkarlana bultzatuz, mugimendu parte hartzaile eta zabal bat eratuz". Herrira gehiengo zabal baten nahia antolatzera datorrela nabarmentzen dute.
Joan den otsailaren 5ean aurkeztu zen Herrira, Donostiako Kursaalen burutu zen ekitaldian. Eta gaur iluntzeko elkarretaratzean, mugimendu berri honen nondik norakoak azalduko dira.