Dantzan eta kantuan joango zaigu, larunbat arratsaldea

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 24a, 00:00

Bihar arratsalde eta iluntze parterako bi hitzordu deitu dira Kaxkoan; dantza eta kantua uztartuko dituen ekitaldi bana hain zuzen. Hasteko, Sutegiko auditoriora hurbiltzen denak, sabel-dantza emanaldia ikusteko aukera izango du. Usurbil, Orio eta Zarautzen jarduera honetan parte hartzen duten herritar taldeek erakustaldia eskainiko dute, 17:00etan hasita.


Kantu-jira
Iluntzeko 19:00etarako deitu da bigarren ekitaldia. Biharkoa, hilabeko azken larunbata izanik, kantu zaleek biltzeko hitzordua dute Mikel Laboa plazan. Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak antolatuta, Kaxkoan barrena afal ordura arte luzatuko den kantu-jira ospatuko da. Euskal kantuak abesteko gogoz dagoen herritar oro gonbidatua dago ekitaldira. Hori bai, antolakuntzatik gogorarazi izan ohi duten moduan, ez ahaztu kantu-liburuxka eramatea.