Abonatuen ordezkaritza berritzeko prozesu betean da Kirol Patronatua. Bi urtez behin burutu ohi duen prozedura martxan da. Abonatuen behin-behineko zerrenda erakusgai jarri eta hautagaiak aurkezteko epea itxi ostean, ostiral honetan, abonatuen behin betiko zerrenda eta hautagaiak onartu eta iragarriko dira. Gaurtik, erreklamazioak aurkezteko astebeteko tartea egongo da. Baina prozesu honetako egun nagusia bi aste barrurako iragarri da; martxoaren 9an, Kirol Patronatuko abonatuen ordezkaritza berria hautatuko da bozketa bidez. Aurreko asteotan erakusgai izan diren zerrendatan ageri ziren, 18 urtetik gorako usurbildar abonatuek izango dute hilaren 9an, bozkatzeko eskubidea.
Martxoaren 8an, jai
Oiardo Kiroldegiak jai egunen egutegia aldatu du; jai egun berriak izango ditu aurrerantzean. Horretarako, Kirol Patronatutik berri eman dutenez, "urteko jai batzuk aldatu ditugu euskal egutegi bat egite aldera". Jai egun berriak honakoak izango dira: martxoak 8 (Emakume Langilearen Eguna), maiatzak 15 (Baserritarren Eguna) eta abenduak 3 (Euskararen Eguna). Egunotan, Oiardo Kiroldegia itxita egongo da goizez, 9:00-13:00 artean. Orain arte jai egun izan diren egunotan berriz normaltasun osoz lan egingo dute Oiardon: urriaren 12an eta 25ean eta abenduaren 6an. Aipatu moduan, hiru egunotan, Kiroldegia irekita egongo da 7:00-22:00 artean, igerilekua iluntzeko 21:00ak arte.