Nazioarte mailako Granollers Cup txapelketan parte hartzeko prestakizun lanetan murgildua dabil Usurbil Kirol Elkartea. Bilguneko zuzendaritza taldetik berri eman dutenez, Europa, Amerika, Afrika eta Asiako talde desberdinek parte hartu ohi duten Bartzelonako lehiara aurkezteko asmoa dute usurbildarrek. Euren esanetan, "gure asmoa, infantil, kadete eta jubenil mailako neska-mutilak eramatea litzateke".
Bidaia prestatzen joateko bilera deitu dute igande honetarako, otsailaren 26rako, goizeko 10:00etan Sutegin. Hitzordua, "printzipioz talde hauetako jokalari, entrenatzaile eta jokalarien gurasoei zuzendua dago. Asko egongo da hitz egiteko: bidaiaren antolaketa, baldintzak, txapelketaren nondik norakoak, kostuak...". Guztien iritziak jaso nahi dituztenez, garrantzitsutzat jotzen dute sei egun barru deitua dagoen bilera. "Eskubaloiko edozein bazkide edo zaletu ere ongietorria izango da", gaineratu dute.
Bi neurketa, etxean
Asteburu berri baten atarian gaude jada. Larunbat honetan ere, bi eskubaloi taldeek etxean jokatuko dute. Senior mailakoek hain zuzen. Hona hemen neurketen ordutegia:
16:30 Senior mutilak, 2.territoriala: Usurbil K.E.-Saieko K.E.
18:00 Senior neskak, Euskal Liga "A": Atez Ate Usurbil-Indupime Basauri.
Tokia: Oiardo Kiroldegia.