Gipuzkoako Bilduko 34 udalerritako alkateek 2013an atez ateko bilketa martxan jartzeko asmoa erakutsi berri dute egunotan. Hilabeteotan, bilketa sistema honen aldeko mozioak aurkeztuko dituzte osoko bilkuretan. Gipuzkoa Zero Zaborretik garrantzitsutzat eta itxaropentsutzat jo dute albistea, baita euren web orrialdean gaineratzen dutenez, honako berri hau ere: "Foru Aldundiak 547.592,65 euro erabiliko ditu aurten, hiri hondakin gutxiago sortzeko, prebentzio ekimenak eta berrerabilpena sustatzeko jarduerak bultzatzeko". Azken egunotako albisteengatik, "sekula baino itxaropentsuago egoteko arrazoiak dauzkagu" diote GZZ-tik.
Zoriondu egin nahi dituzte erabakiok hartu dituzten ordezkari politikoak. "GZZtik behin eta berriz aldarrikatu izan dugu horrelako erabakien beharra. Zoriondu egiten ditugu horrelako erabaki ausartak hartu dituzten ordezkari hauek eta eskerrak eman gure osasuna eta ingurumenaren zaintzan arduratsu jokatzeagatik", adierazi du GZZ-k. Elkarlanerako deia egiten dute: "Gipuzkoako ordezkari politiko guztiei arduraz jokatu eta Zero Zabor norabidea denok elkarrekin egitera dei egiten diegu. Osasuna eta ingurumena guztion eskubideak dira eta elkarrekin defendatu behar ditugu".