Larunbat honetan, martxoaren 3an, iluntzeko 19:00etan inauguratuko da, Irazu kalean kokatuko den Potxoenea kultur etxe berria. Eragileak eta herritarrak gonbidatuak daude, Kultura Aholku Batzordetik antolatu dute ekitaldira. Eraberrituriko eraikin barruko instalakuntzak ezagutzeko aukera egongo da, eta baita kultur etxe berrirako ekarpenak egiteko aukera ere. Horretarako, Mikel Laboaren aldeko omenaldian egin bezala, Usurbilgo Udalak erregistro liburu bat irekiko du. Bertan, norberarentzat kultur etxe berria zer den, zer izatea nahi duen, galdera hauen inguruko erantzuna eman ahal izango du. Eragile zein herritarrek eman dezakete euren iritzia. Erregistro liburua, Udaleko Euskara eta Kultura Saileko bulegoan egongo da ostiralera arte. Inaugurazio egunean, Potxoenea kultur etxean bertan egongo da.
Ekitaldi herrikoia
Larunbateko inaugurazioko antolaketa lana Kultura Aholku Batzordetik bideratu dute. Martxoaren 3ko ekitaldia, xumea, herrikoia eta parte hartzailea izatea bultzatu nahi dute. Inauguratu eta behin ateak irekita, eraikin berriak herri eragileen bilgune izan nahi du. Usurbilgo elkarte eta talde desberdinek bilerak egiteko egoitza hau baliatu ahal izango dute aurrerantzean. Baita ekimen desberdinak antolatu eta burutzeko ere. Ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak... Denetariko ekitaldiek lekua izango dute, Sutegi kultur etxeko eskaintza eta baliabideak osatzera datorren eraikin berrian. Herri eragileek gainera, euren materiala gordetzeko biltegia ere izango dute. Udaleko euskara eta kultura departamenduak eraikin berri honetara lekuz aldatuko dira. Bilera aretoak, ekimen desberdinak burutzeko gelak, topagunerako egongela, biltegia... eta nabarmentzeko moduko ganbara ere izango du. Guztia, Kaxkoan integratua, Dema plazari begira. Martxoaren 3an inauguratuta, handik gutxira erabilgarri izango dena.