Hiri hondakinen alorreko aholku batzorde bat eratzea onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak. Helburu nagusi bat izango du bilgune honek; Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzea, BERRIA.info berri ematen ari denez. Bestalde, joan den astean, Aldundiak aurten alor honetara bideratuko duen diru-partidaren zenbatekoa zehaztu zuen. 547.592,65 euroko diru-laguntzak banatuko ditu hiri hondakinak gutxitu, berrerabili eta prebentzioa sustatzeko, 2012. urte honetan antolatuko diren ekimenentzat. Aldundiko gipuzkoa.net web orriak berri eman duenez, diru-laguntza hauek "Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamenduak banatuko ditu udalen eta mankomunitateen artean".