Benetako aukera-berdintasunerantz, lan egiteko konpromisoa berretsi du Udalak

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 29a, 00:00

Astebete barru martxoaren 8a dugu, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna. Egun horri begira, "Usurbilgo Udalak gizon eta emakumeen arteko benetako aukera-berdintasuna lortzeko lanean aritzeko duen konpromisoa berretsi nahi du", atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran Bilduk eta Aralarrek aurkeztu eta gehiengo osoz onartu zen mozioak jasotzen duenez. 

Bilduk, Aralarrek, PSE-EE-k eta EAJ-PNV-k alde bozkatu, eta Hamaikabatek abstentziora jo zuen gai honen inguruan. Testuak dioenez, "aldaketa garaia bizi dugu Euskal Herrian, aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko garaia. Emakumeak aldaketa horren subjektuak izan daitezen politika feminista garatzea ezinbesteko konpromisoa da". 

Udalak aurrera eraman asmo duen politika feministen oinarriak zeintzuk izango diren ere zehazten du atzo onarturiko mozioak. Batetik, "estrukturala den arazo bati erantzun nahi dioenez, ezinbestean politika integrala izan behar du emakumeen bizitzaren arlo guztietan eragin behar duelako". Eskubideetan oinarrituko da eta emakume taldeen parte hartzea bilatuko du, ikuspegi feminista kontuan izanda. Helburua argia da Udalarentzat: "Gizon eta emakumeen arteko harreman eredu berri bat eraiki nahi dugu". Egiteko eta ikasteko asko dagoela ohartarazita, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren testuinguruan herrian antolatu diren ekitaldiekin bat egin eta ekimen hauetan parte hartzeko gonbita luzatu zien herritarrei gobernu taldeak, atzoko osoko bilkuran.

Desiren Putzua, bertso afaria, kontzertuak, kirol ekimenak...
Martxoaren 8a, ekitaldiz betea dator aurten. Usurbilgo Sexu Aholkularitza Gunea eta herriko emakume talde bat hitzordu desberdinak antolatzen ari dira. Hilaren 8an, bertso-afaria ospatuko da, kontzertuak hilaren 9an, eta ekimen berritzaile bat ere bideratuko da martxoaren 7tik 9ra: Desiren Putzua. Egunez eguneko hitzorduen berri, web orrialde honetako Agenda atalean.