Batzorde desberdinetarako bi izendapen ere, onartuta geratu ziren atzoko osoko ohiko bilkuran. Batetik, Usurbilgo Udaleko Hazienda Batzordea lehendakariz aldatu dute. Atzoko saioan dekretu bidez berri eman zenez, Mertxe Aizpurua alkateak proposatu eta joan den otsailaren 2an batzarkideen gehiengoaren babesa izanik, aurrerantzean Alaitz Aizpurua zinegotzia izango da Hazienda Batzordeko lehendakaria.
Kirol Patronaturako eskolen ordezkaria
Beste batzorde baterako ordezkari bat ere hautatu zen atzoko bilkuran. Kasu honetan, Kirol Patronatuko Zuzendaritza Batzordeko kide izendatu zuten, Usurbilgo eskoletako ordezkaria; Iban Maritxalar Elizondo herritarra. Azken urteotan ere bera izan da eskoletako ordezkaria. Honenbestez, lan horri Maritxalarrek berak segida ematea proposatu zuen gobernu taldeak udalbatzan. PSE-EE abstenitu zen, gainerako udal taldeek alde bozkatu zuten.