Usurbilgo Udalak Gernika 13 ibilbidean, Maixu etxe izenez ezaguna den eraikinean jabetzan dituen zortzi pisuetatik zazpi alokairura bideratuko ditu aurrerantzean. Orain arte lehen solairuko bi etxebizitzak larrialdi egoeretarako erreserbatuak zituen Udalak. Baina atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran gehiengo osoak bi bizilekuotako bat gutxienez datozen 50 urteotan alokairuan izateko konpromisoa hartzea erabaki zuen. Bilduk, Aralarrek, EAJ-PNV-k eta PSE-EEk babestu zuten proposamena, Hamaikabatek aurka bozkatu zuen. Onarturiko proposamenean zehazten denez, datorren mende erdian, aipatu pisua “erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzen errentarekin alokairuan” egongo da.