Herri-bideen Inbentarioa behin betiko onartu da

Noaua Aldizkaria 2012ko ots. 29a, 00:00

Hasierako onarpena bakarrik ez, atzoko osoko bilkuraz geroztik behin betikoa ere badu, Usurbilgo Herri-bideen Inbentarioak. Bildu eta Aralarren babesa jaso zuen proposamenak. Hamaikabat, PSE-EE eta EAJ-PNV abstenitu ziren. Atzo behin betirako onartu artean, gai honek jorratu duen bidea nabarmendu zuen gobernu taldeak. Mertxe Aizpurua alkatearen esanetan, "legeak eskaturikoa baino berme gehiago eman zaio" gai honi. Herri-bideen inbentarioa Batzordetik diktaminatua zetorren atzoko osoko bilkurara. Alkateak gogorarazi zuenez, "batzordean, 15 afektatu egon ziren". Zuzenean parte hartu eta Josu Tellabide eta Asier Agirresaroberen azalpenak entzuteko aukera izan zuten. Alkateak berak konplexu gisa definitu zuen inbentarioa jendaurrean egon den epean, guztira 34 alegazio aurkeztu dituzte herritarrek. Haietatik, batzuk aintzat hartuak izan dira, beste batzuk partzialki eta gainerakoak ez dira aintzat hartu. Aipatu moduan, atzoko bilkuran gehiengo osoz onartu zen herri-bideen inbentarioa.