Hitzorduz betea dator, aurtengo Martxoaren 8a

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 1a, 00:00

Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatuko da astebete barru, martxoaren 8an. Egun horri begira, Usurbilgo Sexu Aholkularitza Guneak eta herriko emakume taldeak hainbat hitzordu deitu dituzte, hiru egunotarako; hilaren 7,8 eta 9rako. Tartean, bertso-afaria, kontzertuak, zenbait kirol jarduera eta baita ideia original bat ere; Desiren Putzua antolatu dute. Aldarrikapen eta jai giroan dator, 2012ko Martxoaren 8-a.

Desirak putzura
Martxoaren 7tik 9ra Sutegira gerturatzen denak, Desiren Putzuan parte hartu ahal izango du. Bertan esku hartzea erraza da. Papertxo batean norberak duen desira bat idatzi eta kultur etxean egongo den "putzutara" bota beharko du. Trukean, putzua zaintzen egongo diren lagunen eskutik, piropo bat jasoko du. Baina ez hori bakarrik. Baita zenbakidun txartel bat ere. Txartel hori ondo gorde, gerora, hilaren 9an sari baten zozketan parte hartzeko baita. Desiren Putzura norbere desira, martxoaren 7tik 9ra bota ahal izango du. Arratsaldez, 17:00-20:00 artean Sutegin.

Bertso-afaritarako txartelak salgai
Ekimen berri horretan parte hartu dutenen arteko zozketa, martxoaren 9an, gauez egingo da, Mikel Laboa plazan antolatu diren kontzertuetan. Herritarrak talde kide dituzten Urrezko Muskerrak eta Ganbaraka taldeek joko dute bertan, gaueko 23:00etatik aurrera. Gaua, Dj batek borobilduko du. Afalaurretik, bi kirol ekimenen lekuko izango da Mikel Laboa plaza. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, brillet txapelketa ospatuko da. 14 urtetik gorako herritar orok parte har dezake kirol jarduera honetan. Seiko taldeak osatu beharko dira, hori bai, talde guztietan emakumeen parte hartzea bermatu beharko da. Txapelketa honetako finala burutu aurretik, aerobik erakustaldia ere iragarri da.

Hori guztia martxoaren 9an, ostiralarekin. Bezperan, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, haurrei zuzenduriko ipuin kontaketa saioa eskainiko du Ixabel Agirresarobek, 17:30etatik aurrera Sutegin. Eta iluntzeko 20:30etatik aurrera, bertso-afaria ospatuko da Artzabalen. Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi eta Onintza Enbeita bertsolariek parte hartuko dute. Garbiñe Astiazaran herritarrak ere, emakumeak hizpide dituen bakarrizketa saioa eskainiko du. Afaritarako txartelak, aldez aurretik eros daitezke Txiribogan eta Txirristran.

Egunez eguneko egitarau osoa, web orrialde honetako Agenda atalean kontsulta daiteke.