Odola emateko aukera berria, datorren astelehenean

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 1a, 00:00

Bi hilero egin ohi duen deialdiarekin jarraituta, datorren astelehenean, martxoaren 5ean odola emateko aukera berri bat dute herritarrek. Ohiko ordutegi eta lekuan izango da; 18:00-20:30 artean anbulatorioan. Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak deitu du hitzordua.


Odola emateko zenbait baldintza bete behar dira: Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteak web orri bidez jasotzen duenez, besteak beste, 18-65 urte artean izatea edota 50 kilo baino gehiago pisatzea. Emakumeek gehienez hirutan eman dezakete odola urtean zehar. Gizonezkoek gehienez lau aldiz. Bi odol emanaldien artean, gutxienez, bi hilabeteko tartea egon behar du. Baraurik ez da odolik eman behar. Edozein kasutan, odola ematerakoan medikuak egon ohi dira, zalantza guztiak argitu eta beharrezko azterketak egiteko.

%25 behera otsailean
Gipuzkoako odol emaileen elkarteetatik ohartarazi dutenez, herrialdeko odol emateek %25 egin dute behera amaitu berri den hilabetean. Honenbestez, odol ematera deitzen dituzte herritarrak. "Gipuzkoako biztanlegoari laguntza eskatzen diogu, odol emaile eginez. Behar denean, odol transfusio bat jasotzea, guztiok dugun eskubidea da, baina eskubide hori izateko, guztion artean, odol erreserba maila egokia lortu behar dugu". Gaineratu dutenez, urrian kanpaina berri bat egiteko asmoa dute, "1009 odol emate horiek berreskuratu asmoz".