Birziklapen irakasgaiak, gaurtik aurrera zuzeneko elkarbizitza baten bidez

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 1a, 00:00

San Marko Mankomunitatearen eskutik, gaur bertan martxan jarriko da "Olaiaren erronka" Donostiako Gipuzkoa plazan. Apartamentu bat jarriko dute bertan, martxoaren 11ra arte. Goizeko 10:00etan hasi eta iluntzeko 20:00ak arte, egunero hamar orduz, Olaiak pisukide izango duen Aitorri birziklatzen irakatsi beharko dio. Lortuko ote duen edo ez ikusi nahi duenak, Gipuzkoa plazara hurbildu besterik ez du. Bestela, telebistako reality saioen moduan, streaming bidez Olaia eta Aitorren arteko elkarbizitza zuzenean ikusteko aukera izango da egunero, olaiarenerronka.net web orri bidez. 

Hamar egunez Gipuzkoako hiriburuan egon ostean, apartamentua udalerriz aldatuko dute. Pasaiako Gure Zumardia plazan egongo dira Olaia eta Aitor, hilaren 14tik 18ra. Martxoaren 21etik 25era, Lasarte-Oriako Okendo plazan, eta azkenik, hilaren 28tik apirilaren 1era Errenteriako Gamon Zumardian. 

Herritarren artean birziklatzea sustatu eta hondakinen gaikako bilketak duen garrantziaz sentsibilizatzeko abiatu dute ekimen berri hau. Olaiarenerronka.net web orrialdean informazio gehiago jaso daiteke. Olaia dagoeneko jendaurrean aurkeztu da: "Kaixo lagunok!!!! Donostian bizi den 26 urteko neska naiz, kazetaria. Erronka ederra dut nire aurrean, Aitor nere pisukide berria birziklatzen duen pertsona batean bihurtzea da. Gaur egun pasota xamarra da eta! Mutil koxkorra da baina oso haserre nago azkenengo belaunaldian berarekin, behin eta berriro botatzen ditu gauzak zaborrara plastikoa edota beira separatu gabe. Zer uste duzu? Lortuko al dugu erronka betetzea? Noski baietz! Lortuko dugu!". Streaming bidez jada, Internet bidez zuzenean bat egin liteke jada, Gipuzkoa plazako apartamentuarekin.