Hondakinen eztabaidarako ekarpena, idatzi moduan

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 2a, 00:00

Hondakinen kudeaketaren inguruan dagoen eztabaidarako ekarpena izatea nahi duten testua idatzi eta igorri du hainbat hedabideetara, eragile eta ordezkari politiko talde batek. 

Testua sinatu dutenen artean, Usurbilgo Udaleko ingurumen eta nekazaritza alorreko Bilduko zinegotzia dago, Jose Maria Rivadeneyra. Hona hemen, aipatu testua, bere osotasunean:

Zenbait zehaztapen argigarri- Hondakinei buruzko eztabaidarako ekarpena 
Aspaldi honetan, errauskailua gelditzeko erabakia (oraingoz, behin-behineko geldiketa) dela eta, ia egunero, PSOEko Denis Itxasok, PNVko zein PPko zenbait kidek aldizka lagunduta, protagonista duten berriak irakurtzen ari gara, non gogorarazten zaigun proiektu horretan dagoeneko miloika euro inbertitu direla eta geldiketak are kostu miloitsuagoak eragingo lituzkeela, zehaztasun miresgarriaz, 158 miloi eurotan kuantifikatu dituztela. Kopuru horretan, Zubietako “Gipuzkoako hondakin kudeaketa zentroa” eraikitzeko eta ustiatzeko kontratuaren esleipendun den UTEko enpresei pagatu beharreko ustezko kalteordainak, hartutako kredituaren berehalako itzulketara, errauskailuaren ordezko azpiegituretako inbertsioak eta banketxeekin sinatutako “swap” izenaz ezagutzen diren “estaldura”ko kontratuen desegiteagaik penalizazioak sartuko omen lirateke. Honi buruz, hain zuzen ere, badago zenbait datu, iritzi publikora egoki iristen ez direnak, idatzi honen bidez argitu nahi ditugunak.

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko eta bere sozietate instrumentala den GHKko aurreko arduradunek (orduko garapen iraunkorreko diputatua, Carlos Ormazabal, lehendakariak eta Denis Itxaso, lehendakariordeak) arrakasta izugarri gisa (“la mejor operación financiera en términos equivalentes del todo el Estado español”) saldu ziguten errauskailua finantzatzeko operazioa 21 urterako BEI (195 miloi) eta Caixa/Bnesto (69 miloi) bankuekiko kreditu kontrauen inguruan egituratutako kontratu sare korapilatsu batean eratu zen. Interes-tasak, SWAP kontratuen estaldurapeko zatian (hartutako kredituaren % 90a eraikitze fasean, eta % 80a ustiapenekoan) urteko % 5,6koa (BEI) eta % 6,7koa (Caixa/banesto) dira, eta estaldurarik gabeko zatiari dagokionez, euribor + 1,4 (BEI) eta euribor + 2,5 (Caixa/Banesto). Bestalde, onartutako kredituaren hartu gabeko zatiagatik BEIri % 0,5 eta banku pribatuei % 0,75 pagatu behar zaie. Gainera, izugarri garesti diren komisioak, bestelako ezohiko gastuak eta mailegu-emaileei aholkularako mailegu-hartzailearen konturako kostu handiko kontratuak daude. Hau da, denon dirua komprometituz, lortu zuten “pagotas”. 

Pagatzen ari garen interesen zenbatekoa baloratze aldera balio dezakeen datu bat ematearren gogora ekar dezakegu Andaluziako Juntak, 2011ko abenduan, Estatuak eskainitako % 5,6ko finantziazioari uko egin ziola merkatuko prezioa baino garestiagoa izateagatik. SWAP edo estadurako kontratuak deitutakoei buruz (non interesa kalkulatzeko erabiltzen den printzipala bakarrik “nozionala” den, hau da, burututako obraren arabera benetan hartutako kredituaren zenbatekoarekin zerikusirik ez duena) esan beharra dago ezen, behin eta berriz esan izan zaigunaz bestera, ez direla euriborraren balizko bilakaera kaltegarriaren arriskuaren kontrako aseguru-kontratuak, arriskuzko finantza-produktuak baizik. Honelako SWAPak kontratatu zutenek, gerora, mailegua kitatzea, aparteko kostu batzuek pagatu ezean, ezinezkoa zela konturatu ziren. Izan ere, ebazpen judizial askok ezeztatu dituzte horrelako kontratuak, banketxeek kontratu horien arrisku eta ondorioei buruz bezeroei eman beharreko informazio eta aholku obligazioak ez betez, bezeroei (zeinek zernolako produktua ari ziren kontratatze ez baitzuten jakiterik) arrisku larriak eskualdatu zizkiotela kontutan hartuz.

Partzuergoaren aurreko arduradunen kasuan, izen handiko abokatu-kabinete guztiz garestiek aholkua jasota, ez dago engainatu zutenik pentsatzerik. Beraiek bakarrik jakingo dute zerk bultzatu zituen holako zerbait sinatzera, baina badirudi gerora atzera egitea ahalik eta garestiena bihurtu nahi zutela, Foru Aldundiaren eta Partzuergoaren zuzendaritzan jarraituko zietenek errauskailuaren proiektuaren dudarik gabe eztabaidan jarriko zutelakoan. Errauskailua, kosta ala kosta, martxan jartzeko presaka eta korrika hartu zituzten erabakiak blindatu nahi zituzten, errausketaren alde egin zuten apustua atzeraezin egin nahi zuten, kontrakoei, udalak, mankomunitateak, partzuergoa eta diputazioa gobernatzera iristekotan, gipuzkoarren erabaki demokratikoaz gertatu den bezala, eskuak lotuz. 

Honaino esandakoaren onartezintasuna GHKk, Partzuergoak eta Diputazioak berak hartu zituzten konpromisoen parekoa da. Horien bitartez, orain Grezian bezala, Gipuzkoako erakundeak bankuen esku-hartzearen menpean geratu ziren. Diputazioaren kasuan are larriagoa izan zen, modu klandestinoan hartu baitzituen konpromiso horiek, dokumentua ez baitzitzaien erakutsi ez Partzuergoko batzarkideei, ez Partzuergoaren sozietate instrumentala den GHKren Administrazio-Kontseiluari, eta ezta herritarrei ere (Diputazioaren konpromisoen dokumentua onartzeko akordioa ez zen argitaratu, eta ez zen agertzen ustez hartu zen eguneko diputatuen kontseiluaren aipamenean. Ez du ematen, bada, hartutako konpromiso horietaz bereziki harro zeudenik. 

Ingurugiro-jasangarritasunaren eta osasunaren aldetik aukerarik txarrena, eta garestiena eta enplegu gutxien sortzen duena izateaz gain; bere bideragarritasun ekonomikoa justifikatu nahirik erabili ziren aurrikuspenak (hondakin sorrerari eta lortu daitezkeen birziklapen tasei buruzko aurreikuspenen faltsukeriagatik, are gehiago, kontratu horiek sinatu zutenek gerta zitekeela bazekiten gertaera bat jakitean, hots, hondakinak errez elektrizitatea sortzeagatik laguntzak kendu egin dutela) egunetik egunera zalantzagarriagoak izateaz gain (hondakin sorrerari eta lortu daitezkeen berziklapen tasei buruzko aurreikuspenen faltsukeriagatik, are gehiago, kontratu horiek sinatu zutenek gerta zitekeela bazekiten gertaera bat jakinda, hots, hondakinak errez elektrizitatea sortzeagatikako laguntzak kendu egin dutela); eta finantziatziorako kontratuetan ezarritako baldintzak onartezinak izateaz gain, proiektua gauzatzeko kontratuen lizitazioa, esleipena eta sinatzea guztiz zalantzagarriak dira ikuspegi juridikotik, 2009ko ekainaren 2an Partzuergoaren Asanbleak hartutako akordioak (Kontratuen adjudikaziora daraman ekintza administratiboen segidaren jatorrian den Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa Zentro proiektua onartzekoa, besteak beste) Donostiako Kontentzioso Administratiboko 3. Epaitegiak baliogabetzat jo zituela kontuan hartzen badugu. 

Ormazabal, Itxaso eta enparauen errauskailua kosta ala kosta eraikitzeko tema agerian geratzen da, epaien erabakiei behin eta berriz entzungor eginez, garrantzi handiko eta ondorio ekonomiko larriko erabakiak hartzean. Horren erakusle honakoak balio du: 2009ko ekainaren 2ko akordioak, aipatu epaiak baliogabetuak, 2011ko otsailaren 8ko Asanbladan berriro ere onartzea, berriro ere 2012 urtarrilaren 2ko TSJPVren autoak baliogabetua. 

Errauskailua bertan behera uzteak ekarriko lituzkeen ondorio apokaliptikoez fariseuen modura eskandalizatu beharrean eta Partzuergoa porrotera eramatea BILDUri leporatu ordez, Karlos Ormazabal eta Denis Itxaso kontuak eman eta Partzuergoaren zuzendaritzan erakutsi zuten arduragabekeriak eragin litzakeen kalte ekonomikoen erantzukizuna bere gain hartu beharko lukete. 

2011 arte partzuergoaren buru zirela, gizarte gipuzkoarraren interes orokorrak defenditu beharrean diru publikoa arduragabeki eta alderdikoiki erabili zutenek sasiko interes ekonomiko eta politikoak defenditzeko amarruak alde batera utzi ditzaten ordua da. 

Gai hauei buruzko eztabaida zientifiko-tekniko izaerako parametro objetiboetan kokatuz arrazioanalizatzeko garaia da, eta hondakinen inguruko planifikazioa berraztertzeko, kontutan izanik erakunde eskudun diren udaletako arduradunen artean, % 90 inguruko gaikako bilketak lortzeko behar diren bilketa sistemak ezartzeko, gero eta hedatuagoa eta gero eta tinkoagoa den borondatearen egiaztapenetik abiatuta 

 -Ricardo Ortega, Erabaki, San Marko Mankomunitateko presidente ohia. 
 -Mikel Izagirre, Ezker Anitza-IU, Gipuzkoako Batzar Nagusietan EBren bozeramaile ohia. 
 -Ernesto Merino, ARALARreko Gipuzkoako Koordinatzailea.
 -Jose Mari Rivadeneyra, Usurbilgo Ingurugiroko Zinegotzia (BILDU). 
 -Julián Zapiain, UPV/EHUko irakaslea. 
 -Mª Lisa Sánchez, Gipuzkoako Errausketaren aurkako plataformen Koordinakundea.