Zubietako kartzela eraikitzea geldiarazi du Espainiako Gobernuak

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 2a, 00:00

Espetxe berrirako funtzionariorik ez dutela eta, gobernu espainiarrak Zubietako kartzela eraikitze lizitazioa geldiarazi du, El Mundo egunkariak kaleratu duen informazio baten harira hedabideak berri ematen ari direnez. Antza, espetxe berrirako langile falta izango luke Madrilek, eta murrizketak tarteko, aurten lanpostu publikoen lehiaketarik ez dute deituko. Hori da hain zuzen Zubietako egitasmoa geldiarazteko arrazoia. Hedabide batzuen arabera, gobernu espainiarrak harturiko erabakia behin behinekoa da, ez behin betikoa. Donostiako Udaleko PSE-EE, PP eta EAJ-PNV gobernu espainiarrak harturiko erabakiaren aurka agertu dira. Azken urteotan Zubietarako iragarria zegoen bigarren egitasmoa ere kolokan dago beraz. Donostiako PSE-EE-rek hedabideei adierazi dienaren arabera, arriskuan legoke baita Zubietako eremu horretarako aurreikusia dagoen industria gunea ere.

504 gelako eta 18 hektareako kartzela berriko lanak joan den udaberrirako iragarri zituzten. 2014rako amaituta egotea aurreikusten zuten. 113 milioi euroko kostua du espetxe berriak. Zentro berria martxan jarri ostean, Langraitzeko kartzela ixteko asmoa zuten. Baita Martutenekoa ere. Donostiako hiriburuko zonalde honetan hain zuzen, 1.250 etxebizitza eraikitzeko asmoa dute. Ikusteke dago orain, zer gertatuko den.

Lanak "geldotzeko" asmoa
Ostiral iluntzean GARA berri ematen ari denez, Kartzelen Erakundeak Donostiako Udalari jakinarazi dionez, Zubietako kartzela eraikitzeko lanak geldotzeko asmoa dute. Bi aldeak bi aste barru gai hau sakonki aztertzeko biltzekoak dira.