Larunbat honetan inauguratuko da, Potxoenea kultur etxea

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 2a, 00:00

Lanak amaituta, instalakuntzak prest direla, ailegatu da irekiera ekitaldi ofiziala egiteko unea: larunbat honetan, martxoaren 3an, iluntzeko 19:00etan inauguratuko da Potxoenea kultur etxea. Bertaratzen diren kultur eragile eta herritarrek eraikin barruko instalakuntzak ezagutzeko aukera izango dute. Baita ekarpenak egitekoa ere. Mikel Laboaren omenaldiarekin egin bezala, Potxoenea kultur etxerako erregistro liburua zabaldu Usurbilgo Udalak. Gaur arte, Udaleko Euskara eta Kultura departamenduan egongo da. Bertan, "zer da kultur etxe berria zuretzat?" galderari erantzuteko aukera dute herritar zein eragileek. Liburu bera bihartik aurrera Potxoenean egongo da. 

Herri eragileen bilgune
Larunbateko inaugurazioko antolaketa lana Kultura Aholku Batzordetik bideratu dute. Martxoaren 3ko ekitaldia, xumea, herrikoia eta parte hartzailea izatea bultzatu nahi dute. Inauguratu eta behin ateak irekita, eraikin berriak herri eragileen bilgune izan nahi du. Usurbilgo elkarte eta talde desberdinek bilerak egiteko egoitza hau baliatu ahal izango dute aurrerantzean. Baita ekimen desberdinak antolatu eta burutzeko ere. Ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak... Denetariko ekitaldiek lekua izango dute, Sutegi kultur etxeko eskaintza eta baliabideak osatzera datorren eraikin berrian. Herri eragileek gainera, euren materiala gordetzeko biltegia ere izango dute. Udaleko euskara eta kultura departamenduak eraikin berri honetara lekuz aldatuko dira. Bilera aretoak, ekimen desberdinak burutzeko gelak, topagunerako egongela, biltegia... eta nabarmentzeko moduko ganbara ere izango du. Guztia, Kaxkoan integratua, Dema plazari begira. Martxoaren 3an inauguratuta, handik gutxira erabilgarri izango dena.