Auzolan Elkartearen bilera, hiru egun barru

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 7a, 00:00

“Errisilientziaren eta Garapenaren aldeko Usurbilgo Herri-Hitzarmena” izenburua daraman dokumentua aurkeztu eta eztabaidatzeko, bilera deitu du joan den udazkenean Euskal Herri mailako lehen topaketak antolatu zituen Auzolan Elkarteak. Hitzordua, larunbat honetarako, martxoaren 10erako jarri dute, goizeko 9:30etan inauguratu berri duten Potxoenea kultur etxean. Egungo krisi orokorraren testuinguruan, ikuspegi estrategiko bateratu bat eratzeko gogoeta kolektiboa bultzatu nahi du Auzolan Elkarteak. Bide horretan, bilguneak aipatu dokumentua aurkeztu nahi dute larunbatean. Egungo egoeran eragiteko honako ekintza eremuak biltzen ditu, hilaren 10ean ahotan hartuko den dokumentuak: elikadura burujabetza, energia subiranotasuna, tokiko merkataritza, tokiko txanpon-trukea, hondakinak, hezkuntza, kultura eta beste batzuk. Eremuon inguruan elkarlana bultzatuko lukeen herri hitzarmen bat adostea helburu luke, hilaren 10ean aurkeztu eta eztabaidatuko den dokumentu honek.