1.200 erosketatik gora egin dituzte herritarrek, ontzi berrerabilgarriekin

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 7a, 00:00

Duela hilabete herrian burutu zen "Ontziratu zaitez. Dendatik sukaldera, usain eta hondakinik gabe!" kanpainaren baitan, herritarren artean haragia edo arraina erosi eta etxera eramateko 1.000 ontzi berrerabilgarri banatu ziren. Egitasmoa, Usurbilgo Udalak, Hurbilago Elkarteak, Usurbil Zero Zaborrek, herriko zortzi saltokik eta Kutxa Ekoguneak bultzatu zuten. Eragileek jakitera eman dutenez, ontzi berrerabilgarriok banatu bakarrik ez, erabili ere erabili dituzte herritarrek. 1.200 erosketa baino gehiago egin dituzte tupper berdeokin, ekimenarekin bat egin duten herriko zortzi arrandegi eta harategietan. Urtarrilaren 28tik otsailaren 4ra luzatu zen kanpainaren baitan gogorarazi zenez, ontzi berrerabilgarriekin erosketak egiten zituztenek 30 euroko erosketa balea irabaz zezaketen. Herriko zortzi arrandegi eta harategietan joan den hilabeteari, otsailari dagokion zozketa egin dute jada, eta ondoko irudikoak dira egitasmo berri honetako lehen sarituak:

-Agustina Aristi.
-Mari Jose Arruti.
-Dolores Alonso.
-Dolores Errasti.
-Eba Fariña.
-Eukene Kamino.
-Lourdes Mendizabal.
-Roman Zulaika.

Laster, beste 8 saritu
Otsailean egingo den zozketa hilero errepikatuko da. Honenbestez, martxoan ere beste 8 saritu egongo dira. 30 euroko balearen zozketan parte hartzeko, egin beharreko bakarra dago; arraina edo haragia erostera joatean, tupper berdea erabiltzea. Ondoko argazkian, saritu eta dendariak ageri dira. Guztiek, ontziok erabiltzen jarraitzeko deia luzatu diete herritarrei.