Eskualdeko ekitaldien berri, buruntzaldea.org helbidean

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 7a, 00:00

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo kultur eskaintzaren berri, buruntzaldea.org web orrian dagoen Agenda bateratuan jaso daiteke. Buruntzaldeko udal ordezkari eta herri komunikabideek, NOAUA!-k tartean, osatzen duten lan mahaian burutu den elkarlanaren emaitza da, hain zuzen, sei udalerriotan, zer, non, noiz egongo den berri ematea. Buruntzaldeko herri komunikabide bakoitzak, bere udalerrian burutzen diren ekimenekin buruntzaldea.org web orriko agenda elikatzen du; NOAUA!k Usurbilgo guztia, Txintxarrik Lasarte-Oriakoa, Aiurrik Urnieta eta Andoaingoa, eta Kronikak Hernani eta Astigarragakoa. Modu horretan, sarean eskualde osoko ekitaldi eskaintzaren berri jaso daiteke. 


Web orrialde dinamikoa da, buruntzaldea.org atariko agenda bateratua. Antolatzen diren ekitaldien berri jaso ahala, eguneratzen doan gunea dugu. Eta datu guztiak oso eskura daude gainera. Ekitaldi motaren arabera, udalerrika, edo interesgarria zaigun datan klikatuta, Buruntzaldean antolatu edo deitu diren hitzorduen zehaztasunak jakin ditzakegu. Guztia, gaur goizean inauguratu berri den Potxoenea kultur etxean, Buruntzaldeko udal ordezkari eta herri komunikabideetako kideek prentsaurreko bidez berri eman dutenez, klik batean. 
 
Hauxe prentsaurrekoko adierazpenekin osatu dugun bideoa.