Ikuskizuna, kalejira, erakustaldia, kontzertua… Formatu edo diziplina desberdinetako hitzorduak biltzen dituen ekimena antolatu du Zumartek martxorako hirugarren asterako; Soinurbil Musika Astea. Ekitaldi guztiok protagonista nagusi bat izango dute; musika. Soinurbilen zortzigarren edizioa, hilaren 20tik 25era ospatuko da.
Musika arte eszenikoetako beste diziplina batzuekin uztartuak dituen ekitaldiak lotu ditu Zumartek, zortzigarren ediziora ailegatu den Soinurbil ekimenerako. Bi aste barru ospatuko den Musika Astearen baitan adibidez, Sutegin eskainiko diren bi ikuskizunetara hurbiltzeko aukera egongo da. “De Mode Quartet” laukoteak (ondoko irudikoak), umorez betetako musika eta antzerki emanaldia eskainiko dute kultur etxeko auditorioan. Hilaren 23an izango den emanaldiak, “A capella” abestutako bertsioak, koreografia atseginak eta elkarrizketa bitxiak tartekatuko ditu.
Soinurbil Musika Asteari beste ikuskizun batek emango dio hasiera. “Musika Tresnen Fabrika” izenekoak hain zuzen. 10 urte arteko haurrei zuzenduriko emanaldia da, musika tresnen erabilera irakasten duen Kortxea Doktorea, bere lagun Filomena eta bien laguntzaile Koxme izeneko pertsonaiekin. Bi ikuskizun hauetarako sarrerak, aldez aurretik Oiardo Kiroldegian eskuratu ahal izango dira.
Donosti-Ereski abesbatza
Urtero Zumarte Musika Eskolak beste eskola batekin elkartrukea egiten du. Aurtengo elkartrukea, Tolosaldeko Loatzo Musika Eskolarekin izango da. Usurbildarrekin batera, Loatzoko kideek saioa eskainiko dute Sutegin hilaren 22an. Mendeurrena bete eta eraberritua dagoen Salbatore Parrokiako organoa bisitatzeko aukera berri bat ere eskainiko du Soinurbilek. Organoaren Lagunak taldeko ordezkari Joan Luis Atxegak egingo ditu gida lanak hilaren 21ean. Parrokiatik mugitu gabe, elizan bertan burutuko da Soinurbil ekimeneko beste ekitaldi bat ere. Donosti-Ereski abesbatzakoen kontzertuaz gozatu ahal izango da bertan, martxoaren 24an.
Azken udal hauteskundeetan gertaturikoagatik ezaguna egin den Nafarroako Garinoain udalerrikoen bisitaldiak borobilduko du 2012ko Soinurbil. Martxoaren 25ean kalejirarekin Kaxko ingurua girotuko du bertako Musika Bandak, eta gero, frontoian emanaldia eskainiko dute. Egunez eguneko egitarau eta ekintzen inguruko informazio zehatza, web orrialde honetako Agenda atalean eskura daiteke.