Alacanteko espetxean dagoen Patxi Uranga herritarra bisitatu ostean, etxera itzultzen ari ziren bere hiru lagunek auto istripua izan zuten, martxoaren 4an. Onik daude hirurak, Etxerat-ek berri eman duenez, "3 lagunek ez zuten kalte fisiko handirik izan, baina autoak kalte handiak ditu". Alacantetik Bilbora hegazkinez bueltatu, eta Bizkaiko hiriburutik Oriora zetozela gertatu zen ezbeharra, hilaren 4ko gauerdia pasata A-8 autopistan, Eibar parean. "Badirudi errepidea zikina zegoela, eta gidariak autoaren kontrola galdu eta istripua izan zuten", berri eman du Etxerat-ek.
2012. urtean dispertsio politikak eragindako laugarren istripua dela gogorarazi dute Etxerat-etik. Gaineratu dutenez, "sakabanaketak dirauen 22 urteotan 16 senide eta lagunek galdu dute bizia errepideetan eta ehunka izan dira pairatu behar izan ditugun kotxe istripuak. Zenbatu ezinak izan dira senide eta lagunok pairatu ditugun kalte fisiko, psikologiko eta ekonomikoak".
Espetxe politika "egungo konponbide klabeetara aldatu" eta euskal preso politikoen sakabanaketa politika indargabatzea eskatu diete Etxerat-etik, espainiar eta frantziar gobernuei.