Emakume Langilearen Nazioarteko Egun honen haritik antolatu diren ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu dute Usurbilgo Udaletik, joan den otsailaren 28an burutu zen osoko ohiko bilkuran, Martxoaren 8ari begira onartu zen adierazpenak jasotzen duenez. Testuak Usurbilgo Sexu Aholkularitza Guneak eta herriko emakume talde batek antolaturiko hitzorduekin bat egin eta ekitaldiotara gerturatzera gonbidatzen dituzte herritarrak.
Duela astebete Bilduk eta Aralarrek aurkeztu eta gehiengo osoz onartu zen mozioarekin, aurrera begira jarri da Usurbilgo Udala, honakoa adieraziz: udalerri honetako erakunde nagusiak, "gizon eta emakumeen arteko benetako aukera-berdintasuna lortzeko lanean aritzeko duen konpromisoa berretsi nahi du".
Bizi dugun aldaketa garaiaz ere mintzo da mozioa, "aldaketa garaia bizi dugu Euskal Herrian, aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko garaia. Emakumeak aldaketa horren subjektuak izan daitezen politika feminista garatzea ezinbesteko konpromisoa da".
Udalak aurrera eraman asmo duen politika feministen oinarriak zeintzuk izango diren ere zehazten du hilaren 28an onarturiko testuak. Batetik, "estrukturala den arazo bati erantzun nahi dioenez, ezinbestean politika integrala izan behar du emakumeen bizitzaren arlo guztietan eragin behar duelako". Eskubideetan oinarrituko da eta emakume taldeen parte hartzea bilatuko du, ikuspegi feminista kontuan izanda. Helburua argia da Udalarentzat: "Gizon eta emakumeen arteko harreman eredu berri bat eraiki nahi dugu". Egiteko eta ikasteko asko dagoela ohartarazten dute.