Kontzertuak eta kirol ekimenak gaur, martxoaren 8ko egitaraua borobiltzeko

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 9a, 00:00

Hiriburuetako mobilizazioekin amaitu zen atzoko Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna. Martxoaren 8ari lotuta Usurbilen Sexu Aholkularitza Guneak eta herriko emakume talde batek antolatuak dituzten ekitaldiek ordea, ostiral honetan jarraipena izango dute. Gaur arratsaldean hasi eta gauerdia pasa arte, Mikel Laboa plaza inguruan zenbait kirol ekimen eta kontzertu ospatuko dira, 18:00etatik aurrera. Brillet txapelketa ospatuko da lehenik. Seiko taldeak osatu beharko dituzte, hitzorduan parte hartu nahi dutenek. Hori bai, talde guztietan emakumeen parte hartzea bermatu beharko da. Aerobik erakustaldia ere iragarria dago.

Herritarrak, musikari
Arratsaldea kirol pixka bat eginez agurtu ostean, afalostean, 23:00ak aldera herriko bi taldeen kontzertuez gozatu ahal izango da, Mikel Laboa plazan bertan. Urrezko Muskerrak eta Ganbaraka taldeek joko dute. Usurbildarrak musikari izango ditugu gaurkoan beraz. Haietako batzuk, ondoko irudian daude. Atxegaldeko azken festetarako sortu zuten abestia kantatzen ageri dira.

Desiren Putzua, ixtear
Azken egunotan Oiardo Kiroldegian egon ostean, antolatzaileek Mikel Laboa plazara eramango dute Desiren Putzua. Ostiral honetan azken aukera egongo da beraz, norberak duen desio bat paper zati batean idatzi eta "putzutara" botatzeko. Trukean, gaur gauerdian oparituko den kit erotiko baten zozketan parte hartu ahal izango da.

Martxoak 9, ostirala
Egun osoz, Desiren Putzua Oiardo Kiroldegian. Paper batean desira bat idatzi eta Sutegin egongo den putzura botatzeko aukera izango da. Trukean, piropo bat eta zozketa batean parte hartzeko zenbaki bat jasoko da.
18:00 Brillet txapelketa Mikel Laboa plazan: 14 urtetik gorakoek parte har dezakete. Seiko taldeak osatuko dira, talde guztietan emakumeen parte hartzera bermatu behar da.  Ondoren, eta brillet txapelketako finalaren aurretik, aerobik erakustaldia. 
23:00 Kontzertuak Mikel Laboa plazan: Urrezko muskerrak eta Ganbaraka. 
00:00 Desiren Putzuan parte hartu dutenen arteko zozketa. 
Ondoren, DJ emanaldia.

Antolatzaileak: Usurbilgo Sexu Aholkularitza Gunea eta herriko emakume taldea. Babeslea: Usurbilgo Udala.