Azkenekoz Tolosaldeari begira dagoen Uzturre mendia igo zuten, eta hilero irteerak egiteko duten ohiturari eutsiz, martxorako hitzordua egina dute jada. Andatza Mendizale Elkartekoek Aratz mendira joateko txangoa antolatu dute, igande honetarako, hilaren 11rako. 5 orduko iraupena duen 15 kilometrotako ibilbide bat osatzea proposatzen dute: "Burutuko dugun ibilbidea, Beundako txabolatik abiatuko da. Iramendi pasa, Atabarreko lepora igo, eta Allaitzko basoa gainditu ondoren Aratzeko tontorrera helduko gara (1445 m). Ondoren, Zegamaren historian gune garrantzitsuenetakoa izan den San Adriango tunelera abiatuko gara. Lizarrate harkaitzaren bihotzean, Aizkorri eta Altzaniako mendateen artean, errege kaltzada zaharrean eta aldi berean Santiago Bidean kokatua dagoen San Adriango tunela edo pasabidea zeharkatuko dugu. Mendi aterpearen albotik igaro eta Beundako bidea hartu ondoren, ibilbide biribila osatuko dugu".
Paisaia ikusgarriak
Andatzatik, irteeran joan asmo dutenei begira, bidean ikusi ahal izango duten paisaia deskribatzen dute: "Arabako Lautadako ipar-ekialdean, Gipuzkoako lurraldearekiko mugan, Altzaniako mendizerra dago. Iparraldean, pagadi zoragarriak dira nagusi; eta hegoaldean, eskaladarako edo sentsazioen mendi-ibilietarako oso egokiak diren kareharrizko horma malkartsuak. Eremu pribilegiatu hau osatzen duten gailurren artean, Aratz mendia nabarmentzen da erabat. Mendi zoragarria da, eta edozein isurialdetatik igotzeko aukera ematen digu. Uda bete-betean, kareharrizko elur-hormak ahaltsu azaleratzen dira inguruko berde bizi-biziaren gainean. Neguan, ordea, zeruak bere estalki zuria zabaltzen du, eta haitzak zein basoak kotoizko itsasoan bat egiten dute. Orduan, udako txango ahaztezina mendizale adituentzako txango serioa izango da".
Martxoko bigarren igande honetan goizeko 7:00etan jarri dute biltzeko hitzordua, Oiardo Kiroldegiko aparkalekuan. Kotxez egingo dute joan etorria. Antolakuntzatik ohartarazi dutenez, "Andatza Mendizale Elkarteak antolatzen dituen ekitaldietako eta irteeretako federatuen istripuak, mendi federazioko aseguruak babesten ditu. Gainontzeko partaideen asegurua norberaren ardura da". Informazio gehiago: andatzamendizale.info