Gaztelako tropek Nafarroa konkistatu zuteneko bosgarren mendeurrena beteko den honetan, 1512an eta ordutik hona jazotako hainbat gertakari gogoan izateko, bilgune berri bat sortu da eta larunbat honetan aurkeztuko da jendaurrean; Jalgi Hadi Garaipenera Buruntza izeneko taldea. Bailarako gaztetxe, gazte asanblada eta gazteez osaturik egongo da, eta bihar eguerdiko 12:00etan aurkeztuko da prentsaurreko bidez, frontoian. Taldera gerturatzeko gonbita luzatzen dute Jalgi Hadi Garaipenera Buruntzatik: "Zu zeu zarena nondik datorren jakin nahi duzu edo denari uko eginda bizi edonoren menpe bizitzeko inongo arrazoirik izan gabe aurka joateko? Hurbil zaitez gugana eta jalgi hadi garaipenera, denon artean garaipena hurbilago ikusiko baitugu".
Hona hemen, bere osotasunean, web orrialde honetara helarazi duten taldearen aurkezpen testua:
JALGI HADI GARAIPENERA! 1512ko NAFARROAREN KONKISTA GOGOAN
Aurten 500 urte betetzen dira Gaztelako tropek Nafarroako erreinua konkistatu zutela eta ospatzeko inongo intentziorik ez dugun arren, bai gogoratzekoa. Bai baitakigu gaur egun gure Euskal Herriak hartzen dituen lurretan independente izan zen lurralde batek bere burujabetza galdu zuela behin betirako. Eta guk egun hori gogoan izan nahi dugu gertakari hori gertatu zenetik mende erdia pasa denaren aitzakian, baina ez aurten bakarrik, baita ere gure bizitzek irauten duten bitartean eta baita gure ondorengoak bizi diren artean. Memoria historikoaren kontu hori sarri entzuten da garai aldrebes hauetan, baina ez dakigu hainbat komunikabideren artean bizi arren, horren informatuta gauden horrelako gauzetan, batez ere kontu historikoetan.
Azken finean gure sustraiak deuseztea helburu duten agintariek beren helburua geroz eta gertuago ikus dezakete gu ez bagara kontziente gure sustraiak non dauden. Beraz, aurtengo urte hau izan dadila aukera bat helburu hori zapuzten joateko. Egun batean esan zuen Mahatma Gandhi iraultzaile hinduak? Nire ametsak errealitate bihurtu nahi ditut? Eta guk ere berdina egin dezagun, gure ametsak hezur eta haragizko bihurtu auzolanean iraganeko sustraietatik eta gaurko loreetatik etorkizuneko fruituak dastatzeko. Askatasuna. Historia. Ametsak. Independentzia. Hartu dezagun dena eta emeki emeki landu ditzagun gure eskuekin kontzeptu huts izatetik errealitate eder bilaka daitezen.
1200: Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa konkistatu ziren.
1512: Nafarroa konkistatu zuten.
1522: Amaiurren Hondarribira ihes egin izan ez zuten nafarrak erori ziren.
1839: Bergarako besarkada bizkarretik sarturiko ezpata bat izan zen.
1876: Foruak galdu genituen.
1937: milaka heriotz eta 38 urteko infernuak jan gintuen.
Egungo errealitatea margotzeko erabili diren zenbait pintzelkada. Ahaztu nahi al dituzu? Zu zeu zarena nondik datorren jakin nahi duzu edo denari uko eginda bizi edonoren menpe bizitzeko inongo arrazoirik izan gabe aurka joateko? Hurbil zaitez gugana eta jalgi hadi garaipenera, denon artean garaipena hurbilago ikusiko baitugu."
Buruntza Jalgi Hadi Garaipenera
2012ko otsailaren 25ean