Ostiral honetan, martxoaren 16an, Atez Ateko Bilketa Euskal Herrian lehen aldiz abian jarri zela hiru urte beteko dira. 2009ko martxoaren 16an hain zuzen, ordura arte kale kantoietan izan genituen kolore desberdineko eduki ontziei agur esan, eta hondakinak kudeatzeko modua goitik behera aldatuko zuen sistema berri bat jarri zen martxan Usurbilen; aipaturiko Atez Ateko Bilketa.
Gaikako bilketaren ehunekoa izugarri igo zen hilabete gutxiren buruan. Ordura arte, modu nahasian jasotzen zen hondakinen zati organikoa aparte, kubo marroi batean biltzen hasi zenetik, Usurbilgo birziklatze maila %90era gerturatu da. Usurbilek hasitako bideari, 2010ean Hernanik eta Oiartzunek jarraitu zioten eta iaz, Antzuolak. Lau udalerriotan martxan dira atez ateko bilketa esperientziak.
Baina ez dira bakarrak. 2013ko udaberrirako Gipuzkoako beste 34 udalerrik ere bide bera jorratzeko asmoa baitute. Ekainera arte, aipatu udalerriotako osoko bilkuretan mozioak aurkezten ari da Bildu. Azken asteotan ezagutu den albiste honekin ailegatu gara, Atez Ateko Bilketaren hirugarren urtemugara. Bilketa sistema honek hiru urte beteko ditu ostiralean.
Herritarrei, kuboekin agertzeko deia
Horren haritik, igande eguerdirako, martxoaren 18rako, ekitaldia antolatu du Gipuzkoa Zero Zabor bilguneak. Eguerdiko 12:00etan jarri dute hitzordua, Dema plazan. Bertan, herritarrek Atez Ateko Bilketarekiko atxikimendua adierazi ahal izango dute. Antolatzaileek hain zuzen, kubo marroiak eskutan dituztela bertaratzeko gonbita luzatzen diete herritarrei. Ekitaldi berean, atez ateko bilketa martxan jarri asmo duten 34 udalerrietako ordezkariak bertan izatea ere aurreikusia dago.