Martxoaren 20tik 25era ospatuko da aurten, Soinurbil ekimenaren zortzigarren edizioa. Ekitaldi desberdinak programatu ditu Zumarte Musika Eskolak datorren asterako. Horien artean, badira Sutegin eskainiko diren bi ikuskizun. Batetik, "De Mode Quartet” laukoteak (ondoko irudikoak), umorez betetako musika eta antzerki emanaldia eskainiko dute kultur etxeko auditorioan. Hilaren 23an izango den saioak, “A capella” abestutako bertsioak, koreografia atseginak eta elkarrizketa bitxiak tartekatuko ditu.
Soinurbil Musika Asteari beste ikuskizun batek emango dio hasiera. “Musika Tresnen Fabrika” izenekoak hain zuzen. 10 urte arteko haurrei zuzenduriko emanaldia da, musika tresnen erabilera irakasten duen Kortxea Doktorea, bere lagun Filomena eta bien laguntzaile Koxme izeneko pertsonaiekin. Bi ikuskizun hauetarako sarrerak, aldez aurretik Oiardo Kiroldegian eskuratu ahal izango dira; De Mode Quartet taldearen emanaldiko txartelak 6 eurotan (egunean bertan 8 eurotan) eta "Musika Tresnen Fabrika" ikusteko txartelak, 2 euroren truke erosi ahal izango dira leku berean (egunean bertan, 4 eurotan).
Egunez eguneko ekitaldien zehaztasunak, web orrialde honetako Agenda atalean jaso daitezke.