Amaiurrera irteera antolatu du, Jalgi Hadi Garaipenera Buruntza gazte taldeak

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 12a, 00:00

Andoain, Hernani, Lasarte eta Usurbilgo gazte mugimenduen bilgune berri bat aurkeztu dute Usurbilen; Jalgi Hadi Garaipenera! Buruntza. "Eskualdeko gazteen arteko harremana bultzatu asmoz" sortu da, larunbatean Dema plazan aurkeztu zuten bilgune berria. Ekitaldian gaineratu zutenez, "aurten betetzen dira 500 urte Nafarroako erresuma konkistatu zutenetik, eta horren aitzakian ere Euskal Herri mailan sortu den mugimenduan ere gure eskua luzatu nahi genuke".


Horren harira, Amaiurrera irteera antolatu dute martxoaren 24rako. "Bertan, gure historiaren parte bilakatu den gertaeraren berri ematea izango da helburu modu praktiko batean, astean zehar herri bakoitzean egongo diren ekitaldiei nolabaiteko akabera emanez". Egun pasa antolatu dute beraz. Lehenbizi Amaiurren izango dira, "bertan, batailaren berri emango dugu gaztelua zenaren inguruan, hurbiletik ikusteko bertan zer gertatu zen". Gero Elizondora joango dira. Bertako gazteekin bildu eta bazkalduko dute. Eta jarraian, "bost herrien arteko harremana sendotzeko asmoz kantu saio bat eta joku erraldoi bat egitea da gure asmoa, gure kultura eta historiaren inguruko ezagutza praktikan jarriz. Honela gure hezkuntza osoago bat izango genuke eta gure helburuak egiazkoagoak izango dira". 

Antolatzaileek bilgunera gerturatzeko gonbita luzatzen diete gazteei. "Hurbil zaitez gugana eta jalgi hadi garaipenera, denon artean garaipena hurbilago ikusiko baitugu". Larunbat eguerdiko agerraldiko bideoa, web orrialde honetan ikus daiteke.