Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolako udal ordezkari ohiek, hondakinen kudeaketaren gaiaren inguruko agerraldia eskaini zuten ostiralean. Zehazkiago esanda, Usurbil, Hernani eta Antzuolako alkate ohiek, Xabier Mikel Errekondok, Marian Beitialarrangoitiak eta Pedro Iturbek, baita Oiartzungo Udalaren izenean, Pavel Viñasek ere. Hondakinena guztiok sortu eta guztion artean konpondu beharreko arazoa dela diote. Eta denok birziklatzearen alde egonik, atez ateko bilketaren aurka daudenei, dei egiten diete, "zentzumenez joka dezaten, buruarekin pentsa dezaten". Hona hemen eskaini zuten prentsaurrekoko edukia, bere osotasunean:
"Gaur egun, atez ateko hondakinen bilketa zerbitzuak beste edozein udal zerbitzuk ematen dituen buruhauste berberak eragiten ditu, ez gehiago ez gutxiago. Gure herriak Gipuzkoako beste edozein herri bezalakoak dira, baina hondakinen kudeaketarekin genuen arazoa gainditzea lortu dugu. Hori da diferentzia. Herritarrei esker, herritarrek sukaldean egindako ohitura aldaketa txiki horiei esker, Hernanin, Antzuolan, Oiartzunen eta Usurbilen %80-85 inguru biltzen dugu gaika, eredugarri bihurtu gara. Antzuolarrok, hernaniarrok, oiartzuarrok eta usurbildarrok atez atekoarekin ez dugu apenas errefusarik sortzen, ez dugu apenas kutsadurarik eragiten, garbiak gara, berriro diot, eredugarri bihurtu gara. Eta gu oso harro gaude horretaz.
Alarma soziala piztu eta piztu ari diren alderdi eta komunikabideei esan behar diegu oker dabiltzala, berriro ere erratu egin direla. Duela urte batzuk gauza bera egin zuten gure herrietan. Atez atekoa jarri bitartean sistema zikina zela zioten, behin eta berriro, aspertzaraino. Garestia zen, desorosoa, arratoiak zebiltzan kaletik, zabor poltsen barruan begiratu behar genuen polizi lanak egiten… Jarri ondoren temati jarraitu zuten, baina alferrik. Herritarrek bizkar eman zieten beldurra eragin nahi zutenei, herritarrek aukera dutenean birzklatzeko apustua egiten dutelako. Ahalik eta gehien birzklatzeko erronkari heltzen diotelako, gauzak ongi egitea gustatzen zaigulako.
Eta oker dabiltza berriro. Gu lauok komunikabide batzuetan dagoen zalaparta hau guztia bizi izan dugu lehen ere, eta alferrikakoa dela esaten dugu. Atez atekoaren kontra daudenek ez dute alternatibez hitz egiten, ez dute atez atekoak lortzen dituen emaitza ikusgarriez hitz egin nahi. Hori ezkutatu egin behar da. Austria jartzen dute adibidetzat. Ez dute hain urrun joan beharrik. Etor daitezela Hernanira edo Usurbilera, edo Oiartzun edo Antzuolara. Har ditzatela gure lau herriotako emaitzak eta ausar daitezela egunero-egunero pisatzen diren kamioien tonak gezurra direla esatera. Herritarrek ondotxo dakite lehen nolako zabor poltsak ateratzen zituzten egunero eta orain atez atekoarekin ikusten dute zein poltsatxo txiki ateratzen duten astean behin. Gezurrak ez du bide luzerik egiten.
Eta ez hitz egin, mesedez, inposizoaz. Lau herrietan egiten da atez atekoa eta lauetan egin ditugu parte hartze zabalak, aberatsak eta erabakiorrak. Hilabetetako parte hartze prozesuak izan ziren, jendetsuak, argibideak eskatzeko, ekarpenak egiteko eta baita kritikak jasotzeko ere. Zero zaborraren bidean behin bilketa sistema eraginkorrena hautatuta herritarrena izan zen hitza eta erabakia. Herritarren beharretara egokitu zen sistema, bideragarritasun ekonomikoa eta teknikoa kolokan jartzen ez ziren bitartean, atez atekoa malgua baita oso. Horregatik atez atekoaren kontra daudenei dei egiten diegu zentzumenez joka dezaten, buruarekin pentsa dezaten. Hondakinek ez dute kolorerik, arazoa denok sortzen dugu eta denon artean konpon dezakegu. Denok gaude birziklatzearen alde".