Ate joka dugun udaberri beteko eguraldiak lagunduta, 26 mendizale usurbildarrek parte hartu zuten joan den igandean, Andatza Mendizale Elkartekoek Aratz mendira antolaturiko irteeran. Txangoko irudietako bat, hemen ondoan. Argazki gehiago andatzamendizale.info web orrialdean ikus daitezke. Antolatzaileek honako balorazio hau ere zintzilikatu dute euren web orrialdean:
"Altzaniako mendizerrako Aratz mendira abiatu ginen 26 mendizale. Otzaurtera iritsitakoan somatu genuen freskura, ibilbideko lanbroa edo zanpatu behar izan genuen elurra, ez ziren izan oztopo aurreikusitako bideari jarraitzeko, eta pausoz pauso talde osoak Aratzeko gailurra zanpatu ahal izan genuen. Araiako isurialdean haizearen babesa hartu behar izan genuen, mokadua lasai egiteko. Gailurra estaltzen zuen lainoa ireki zenean, parez-pare agertu zitzaigun Aitzkorri, jantzi zuriz estalia. Atsedena hartuta, beheranzko bideari ekin genion eta elurrez estalitako zelai eta harkaitzen arteko baso eta bidezidorretatik, errege kaltzada zaharrera iritsi ginen, Zegamaren historian gune garrantzitsuenetakoa izan den San Adriango pasabidea zeharkatu aurretik. Mendi aterpearen albotik igaro ondoren Beundako bidea hartu genuen, kotxeetara iritxi eta Usurbilera itzultzeko. Osatutako ibilbide biribillaren eredu, honako irudi hauek dituzue. Felixek, Kermanek eta Anak ateratako gainontzeko argazkiak ikusgai dituzue “Argazkiak” atalean klikatuta"