Langabezia gorantz Usurbilen, nahiz 2011ko datuen azpitik jarraitu

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 13a, 00:00

Urte honetako lehen hilabetean Usurbilen 310 langabetu zeuden, INEM erakundeak kaleratu eta Usurbilgo Udalak bere web orrialdeko "Usurbil Zenbakitan" atalean jaso duenez. Joan den abuztuko datura hurbildu da, langabezia tasa. Joan den udan, 309 langabetu baitziren Usurbilen. 2011ko abenduarekin alderatuta, 29 langabetu gehiago zenbatu dira (%10,3 gehiago), baina duela urtebete baino 30 langabetu gutxiago daude Usurbilen (%8,8 gutxiago).  

Alderaketekin jarraituta, abendutik urtarrilera Buruntzaldean %7,1 egin du gora langabezia tasak eta Gipuzkoan %6,9. Kasuotan ordea, duela urtebete baino langabetu gehiago dago eskualdean eta herrialde mailan; Buruntzaldean, %5,5 gehiago eta Gipuzkoan %6,1 gehiago. Buruntzaldeara itzulita, datuak udalerrika aztertuz gero, iaz baino langabetu gutxiago zenbatzen jarraitzen duen udalerri bakarra da Usurbil. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Urnietako datuei erreparatuta, udalerri guztiotan iaz baino langabetu kopuru gehiago dute. Astigarragan bereziki, iaztik hona %21,9 igo baita lanik gabe dauden herritarren kopurua. Beraz, urte hasieran Usurbilen langabetu kopuruak inguruetan baino gehiago gorantz egin duen arren, lanik gabe daudenen kopurua 2011ko datuen azpitik mantentzen duen udalerri bakarra da zonaldean.

Emakume langabetu gehiago
Martxoaren 8an hainbat hedabideetan kaleratu zen moduan, langabeziak emakume aurpegia du. Baita Usurbilen ere. 2012ko urtarrileko datuen arabera, usurbildar langabetuen erdia baino gehiago, %51,9 (161) emakumezkoak dira, gainerako %48,1 (149) gizonezkoak. Aldea edozein kasutan, txiki samarra da. Alderaketekin hasita, abendutik urtarrilera antzeko ehunekoetan igo da emakumezko zein gizonezkoen langabezia tasa; %10,3 emakumezkoen artean (15 langabetu gehiago), %10,4 gizonezkoen artean (14 langabetu gehiago). Halere, aipatu moduan, iaz baino langabetu gutxiago dago herrian; 9 emakume langabetu gutxiago (%-5,3) eta lanik gabeko 21 gizonezko gutxiago (-%12,4).

25-44 urte artean, langabetu gehien
Adin tartearen arabera, ohi denez, 25-44 urte arteko herritarren artean dago langabezia tasa handiena. 158 langabetu zenbatu zituen INEM-k urte hasieran. 121, 45 urtetik gorakoen artean, eta 31, 16-24 urte artean. Adin tarte guztietan igo da langabezia abendutik urtarrilera, baina iazko datuekin alderatuta, 16-24 urte dituzten herritarren artean igo da soilik, langabetu kopurua. 9 langabetu gehiago zeuden urtarrilean (+%1,8).

Langabetuen %60, zerbitzuen sektorean
Sektoreka, langabetu gehien zerbitzuen alorrean dago; 2012ko urtarrilean, 188 (%60,6); industrian gutxiago, 63 (%20,3). Joerak ez dira aldatzen gainera. Abendutik urtarrilera, zerbitzuen sektorean egin du gehien gorantz langabeziak, %6,8. Duela urtebeteko datuekin alderatuta ordea, badago desberdintasunik. 2011n baino, langabetu gehiago dago, eraikuntzan (+%0,9), lehen sektorean (+%0,6) eta aurretik ere lanik ez zutenen artean igo da langabezia, %3,2. Industrian eta zerbitzuetan aldiz iazko datuen azpitik jarraitzen du langabezia tasak Usurbilen; %9,1 egin du behera iaztik hona, industria alorreko langabetuen kopuruak, eta %4,4 zerbitzuetan. 

Datu guztiok, grafiko eta taulen bidez, Usurbilgo Udalaren web orrian kontsulta daitezke, "Usurbil Zenbakitan" atalean.