"Enplegua, soldatak eta lortutako baldintza eta eskubideak errotik desagerraraztea" du helburu ELA sindikatuaren iritziz, espainiar gobernuak onartu berri duen lan erreforma berriak. PP-k harturiko erabakia, "lan eta gizarte eskubideen aurka eginiko erasorik bortitzena da", joan den ostiralean Hernaniko egoitzan Buruntzaldeko ordezkariek eskaini zuten agerraldian adierazi zietenez. Eta egoera honen aurrean argi diotenez, "mobilizazioa besterik ez zaigu geratzen".
Martxoaren 29rako deitua dagoen greba orokorrarekin bat egitera deitu dituzte herritarrak. Euren hitzetan, "arrazoi ugari ditugu eraso hauen aurrean grebara joateko". Espainiar gobernuak harturiko neurria, "langileen estatutua errotik aldatzen du; kaleratzeko garaian ordaindu beharreko indemnizazioa, soldatzen mantentzea, gaixorik egoteko eskubidea, kaleratzeko arrazoiak, enplegu erregulazio espedienteen aurkezpena, hitzarmen kolektiboaren babesa, lan kontratuen araudia...". Lan erreforma honek ondorio latzak dakartzala eta ekarriko dituela gogorarazten dute ELA sindikatutik. "Lan Baldintzen erreforma prozesu sakon batean murgilduta gaude, eta etorkizunean murrizketa gehiago eta erreforma gehiago egingo dituztela iragarri dute. Krisiagatik hartu beharreko neurriak direla deritzote behin eta berriz, baina jakin badakigu murrizketa eta aldaketa kaltegarri guzti hauek geratzeko etorri direla".
Elkarlana, aurrera begira
Are gehiago, krisia gizartea izutzeko eta kontratuak malgutzeak langileen kaleratzeak merketzeko baliatzen ari direla salatu dute. Modu horretan, hamarkada hauetan lorturiko hainbat eskubide, "hilabeteetan ezabatzen ari dira" ELA sindikatuaren arabera: "Agintariek gastu sozialaren aurka jo dute, makina bat jende langabeziara eta pobreziara kondenatuz". Hortik dator, martxoaren 29an greba orokorra egiteko deia. Baina 24 orduko lan uzte honetatik haratago, alternatiben eta elkartasun politiken aldeko borrokan jarraitzeko asmoa erakutsi dute ELA-tik. Elkarlana burutzeko asmoa dute eragile desberdinekin.