Martxoaren 29ko greba orokorrarekin bat egin duen LAB sindikatuko Buruntzaldeko ordezkaritzak, eskualdeko herritarrak "greba orokorra babestera" deitzen ditu, joan den ostiralean Lasarte-Oriako Villa Mirentxu eraikinean burutu zuten agerraldian adierazi zutenez. Euren esanetan, espainiar gobernuak onarturiko lan erreforma berriak, "langileria osoari egiten dio eraso eta erreforma horren ondorioa izango da, langileriaren lan harremanak eta denon bizi baldintzak orokorrean kaskartzea".
Atzerapauso bat baino gehiago eragingo du espainiar gobernuaren neurri berri honek, LAB sindikatukoen arabera, besteak beste, "erreformaren helburuetako bat orain arteko negoziazio kolektiboari eraso eginez langileen eros ahalmena murriztea da".
Burujabe izatearen beharra
Eraso gisa definitu duten hau, ez da lehena ezta azkena izango. Sindikatu abertzaletik iragarri dutenez, "ziur gara gehiago etorriko direla". Egoera horren aurrean, Euskal Herria ekonomikoki eta politikoki burujabea izatea beharrezkotzat jotzen dute eta gaineratzen dutenez, "euskal langileriak justizia sozialean oinarritutako Euskal Herria bat eraiki behar du, estatutik datozen erreforma, murrizketa, inposaketa eta ukazioen gainetik".
Martxoaren 29ko greba orokorraz gain, aurrera begirako elkarlanari ekin diote LAB sindikatutik. "Eskualdea osatzen dugun herrietan gainontzeko eragile sozial eta politikoekin harremanetan hasi gara beste ekimen batzuk martxan jartzeko eta Martxoaren 29an herrietan grebari babesa emateko ekimen eta mobilizazioak antolatzeko", adierazi zuten joan den ostiraleko prentsaurrekoan.