Estatu mailako informatika saria jaso berri du Arantza Illarramendi usurbildarrak, informatikari onenarena hain zuzen. Aipatu merezimendua, emakume batek jasotzen duen lehen aldia da honakoa. Pozik dago herritarra.
Espainiako Zientifiko Informatika Sozietateak 2005az geroztik ematen dituen sarietako bat, usurbildar batek jaso berri du, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko katedradun Arantza Illarramendik. Zientzia alorrean eginiko ekarpenengatik, Aritmel saria eman eta modu horretan, urteko informatikari onena izendatu dute. Aipatu sozietateak usurbildarrak eginiko ikerketak errekonozitu nahi ditu. Arantzak NOAUA!-ri adierazi dionez, “nazioarte mailan oihartzuna izan duten” ikerkuntzak saritu ohi dituzte. “Ikerketa aldizkarietan lanak aurkeztu eta jendeak zitak egiten ditu. Neure lanak nahiko zita dezente dituela ikusi zuten”, adierazi du usurbildarrak. Halako sari bat jaso duen lehen emakumea izateak asko suposatzen dio Arantzari, baina baita erronka bat ere, “erakusteko informatika munduan gai garela berdin-berdin emakumezkoak eta gizonezkoak. Informatika ikasketetan oso neska gutxi daude. Ia animatzen diren”. Azken urteotan hain zuzen, Illarramendik azaldu duenez, ikasketa hauetan murgiltzen direnetatik gutxi batzuk baitira neskak.