Atez Atekoaren urteurren ekitaldian, 34 udalerri berriei ongi etorria

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 14a, 00:00

Zero Zabor taldeen laguntzaz, Gipuzkoa Zero Zaborrek (GZZ) igande honetarako, martxoaren 18rako Atez Ateko Bilketaren hirugarren urteurreneko ekitaldia antolatu du. Eguerdiko 12:00etatik aurrera burutuko da, Dema plazan. Hondakinak atez ate biltzen dituzten herritarrak, organikoa jasotzeko kubo marroiarekin agertzera deitzen dituzte. Hitzordua gainera, azken asteotan jakitera eman den moduan, 2013an atez ateko bilketa martxan jarri nahi duten Gipuzkoako 34 udalerriei ongi etorria emateko ere baliatu nahi du GZZ-k. Udalerri haietako zein Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolako ordezkaritza igandean herrian egotea ere aurreikusia dute. "3 urtetan 4 herri, datorren urtean 34 berri" lema hautatu dute antolatzaileek, hilaren 18ko ekitaldia iragartzeko. Modu horretan, ongi etorria eman nahi diete, "atez atekoarekin Zero Zabor bidera". Guztira, Gipuzkoako biztanleriaren ia erdia, ia 300.000 herritar hondakinak atez ate biltzen arituko da 2013tik aurrera. Udalerriok dira hain zuzen, Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolarekin batera, urtebete barru hondakinak atez ate biltzen hasteko asmoa dutenak:


-Alegia.
-Anoeta.
-Aretxabaleta.
-Arrasate.
-Asteasu.
-Astigarraga.
-Ataun.
-Azpeitia.
-Berastegi.
-Bergara.
-Deba.
-Eskoriatza.
-Getaria.
-Ibarra.
-Irura.
-Lazkao.
-Legazpi.
-Legorreta.
-Lezo.
-Mendaro.
-Mutriku.
-Oñati.
-Ordizia.
-Orio.
-Ormaiztegi.
-Pasaia.
-Segura.
-Tolosa.
-Villabona.
-Zaldibia.
-Zarautz.
-Zestoa.
-Zizurkil.
-Zumaia.