Aitzagako kide egiteko aukerak, irekita jarraitzen du

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 14a, 00:00

Martxoaren 4an burutu zen ekitaldiaz geroztik, zabalik dago Aitzagako egitasmoarekin bat egiteko aukera. Usurbilgo Ezker Abertzaleak, web orri bidez jakitera eman duenez, "orduz geroztik, herritar ugarik adierazi dute Aitzagarekin bat egiteko asmoa". Pozgarritzat jotzen dute deialdiak izan duen harrerak, baina aipatu moduan, oraindik Aitzagako kide egiteko aukera dago. Horretarako, usurbileginez.com web orrialdean eskura daitekeen orrialde bat bete behar da. Datu pertsonalekin bete eta ostegun arratsaldero, 19:00etatik aurrera, Kale Nagusian, Zendoia ondoan dagoen lokalean utzi daiteke edota bestela, korreoz bidali helbide honetara: 


Aitzaga elkartea
30. postakutxa zenbakia
20.170 Usurbil

Kuotak
Aitzagako kide izateko 15 euroko kuota ordaindu beharko da hilero. Ikasle, langabetu eta 16-25 urte arteko gazteek aldiz, 5 euro. Aitzagako kide egiteak, Aitzagako elkartea erabiltzeko eskubidea ematen du. Baita honako betebehar eta eskubideak izatea suposatzen du ere: "Usurbilgo Ezker Abertzalearen batzarretan sortzen diren eztabaida, hausnarketa eta bozketetan askatasunez parte hartze, adierazpen eta bozka eskubidea", edota "Usurbilgo Ezker Abertzalearen batzarrak hartutako erabakiak bete, bere antolakuntzaren arauak errespetatu eta bere helburuak lortzen laguntzea".

Iturria: usurbileginez.com