Agurtzane Solaberrieta eta beste 12 lagunen aurkako epaiketa, apirilaren 30ean hasiko da

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 14a, 00:00

D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketaren baitan, 13 euskal herritar epaituko dituzte apirilaren 30etik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean; tartean, Agurtzane Solaberrieta herritarra. Baita, Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta, Zuriñe Zorrozua, Fernando Antia, Jose Antonio Munduate, Xabier Isasa eta Aitor Ligerzana ere. 109 urteko kartzela-zigorra eskatzen du fiskalak. 


Epaituei babesa adierazteko, "epaiketa politikorik ez!" lemapean prentsaurreko jendetsua deitu da larunbat honetan, martxoaren 17an, eguerdiko 12:00etatik aurrera Bilboko Arriaga plazan. Zabaltzen ari diren prentsa oharrak gogorarazten duenez, "izaera erabat politikoa duen epaiketa baten aurrean gaude. Eskubide zibil eta politikoen aurkako beste eraso bat gehiago: elkartzeko eskubidea, adierazpen askatasuna eta hauteskundeetan parte hartzeko eskubidearen urraketa". Salbuespen neurri eta legeak gainditzea beharrezkotzat jotzen dute larunbateko prentsaurrekoko deitzaileek: "Euskal Herriak bizi duen une historiko honetan, gatazka politikoa eta bere ondorio guztiak konpontzen bidean jarri behar dira. Norabide horretan, salbuespen neurri eta legeak behingoz gaindituak izan behar dira". 

Apirilaren 30ean hasiko den epaiketa, euren esanetan, "oinarrizko eskubideen aurkako bortxaketa larria da. Etorkizunari ilusioz eta itxaropenez begiratzen diogunok, gure aurkako epaiketa politikoaren atzetik beste epaiketa gehiagorik ez burutzeko lanerako gogoa eta konpromiso argia adierazi nahi dugu".

Deialdiarekin bat egin du Usurbilgo Ezker Abertzaleak, eta usurbileginez.com web orrialdetik adierazi dutenez, "epaituei babes osoa eman nahi diegu, bereziki Agurtzane Solaberrietari". Epaiketa hasi aurretik antola daitezkeen ekimenetan parte hartzera deitzen dituzte herritarrak.

2009ko auzia
D3M elkarteak eta Askatasunak, 2009ko martxoko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztu nahi izan zuten, baina Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabe utzi zituen. Testuinguru hartan, Agurtzane Solaberrieta beste sei auziperaturekin batera 2009ko urtarrilaren 23an atxilotu zituzten. Gerora, hauteskundeak burutu eta aste gutxira, martxoaren 25ean behin behinean aske geratu ziren. Hamahiru lagunak 2009ko irailean auzipetu zituen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak, ETAko kide izatea edo erakunde armatua laguntzea egotzita. Aipatu moduan, guztiak apirilaren 30etik aurrera epaituko dituzte.

Irudian, Agurtzane Solaberrieta, 2009ko martxoaren 25an aske geratu eta Usurbilen egin zitzaion ongi etorri ekitaldian.